Mercadonak uztailaren 29an irekiko du Iurretako supermerkatu berria

Anboto 2021ko eka. 28a, 12:37

40 langile inguru izango dituela jakinarazi dute Mercadonako iturriek.

Valentziako Mercadona supermerkatu kateak hilabete barru irekiko du Iurretako supermerkatu berria Mallabiena poligonoan duen orubean. 1.500 metro karratu izango ditu eta 40 bat langilek egingo dute lan bertan, Mercadonako iturrien esanetan.

Supermerkatu hau Mercadonak Durangaldean martxan ipiniko duen lehenengoa izango da. Aurretik, 2016an Abadiñon merkataritza-gunea eraikitzeko asmoa izan zuten, baina, azkenean, bertan behera utzi zuten. Iazko ekainean jaso zuten udaletxeko obra lizentzia. Ondoren, Ura Agentziaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegitura Saileko baimenak eskuratu behar izan zituzten, lanei ekin aurretik. Urtarrilean iragarri zuten aste batzuen buruan lanak hasiko zituztela eta harrezkero azpiegitura berria eraikitzen ibili dira. Lanak amaituta uztailaren 29an irekiko dute.

Iurretako EH Bilduk merkatalgune berriaren proiektua kritikatu zuen eta komertzio txikia kaltetuko zuela iragarri zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!