Mercadonak Iurretan merkatalgunea zabaldu gura duela kritikatu du EH Bilduk

Anboto 2020ko uzt. 17a, 11:25

EH Bilduk dioenez, "Mercadona kateak Iurretan merkatalgune bat irekitzeko baimena eskatu du eta EAJko alkatearen dekretuz horretarako baimena lortu dute".

Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak azaldu duenez, Mercadonak ekainaren 10ean jaso zuen obra lizentzia. Ekainaren 15ean jarduera eta irekiera lizentzia tramitatzen hasi ziren. Ertzilla, 7 zenbakian kokatuko da Mercadona. Merkatalgune gehiago dauden gune horretan, 8.000 metro karratuko espazioa hartuko du.

Merkataritza txikia

Merkatalgune berriaren irekierak komertzio txikia kaltetuko duela uste du koalizio subiranistak. "Azken hilabeteetan pairatu dugun konfinamenduak bereziki gogor kaltetu ditu herrietako komertzio txikiak eta hauei laguntzeko neurriak proposatu eta adosten jardun dugu udalean. Irailetik aurrera Iurretako komertzioak laguntzeko bono laguntzak ateratzea da asmoa baina lan guzti hauek alperrekoak dira gune haundi horiei, besterik gabe, herriko ateak parez pare irekitzen badizkiegu".

Totorikaguneak dioenez, baldintzak betetzen baditu, udala Mercadonari litzenziak ematera "behartuta" dago . Merkataritza txikiari dagokionez, udal gobernuak tokiko komertzioa indartzeko hainbat ekimen jarri dituela martxan dio alkateak. Orain arteko laguntzez gainera, irailean 20.000 euroko bono kanpaina abiatuko dute.

Bestalde, udal gobernuaren jarrera ere kritikatu du EH Bilduk. "Herriko ekonomian hainbesteko eragina izan dezakeen erabaki bat dekretu bidez hartzea ere esanguratsua da oso. Ez da inolako eztabaidarik eman, ez da beste alderdi politikoekin edo herriko komertzioekin partekatu, alde bakarreko erabakia izan da", dio koalizioak.

Proiektu honen berri hauteskunde ostean izatea ere kritikatu dute. "Iurretako EH Bildutik hartutako erabakian atzera egin dezala eskatu nahi diogu Iurretako Udalari eta herriko komertzio txikiekiko begirune gehiagoz jokatzeko hemendik aurrera ere", dio EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!