Iurretako Udalak dio Eusko Jaurlaritzarekin "lankidetzan" jarraituko duela "ingurumenaren kalitatea hobetzeko"

Anboto 2020ko ira. 24a, 17:43

Durangon egindako azterketa "berehala" Ingurumen Sailera bidaltzeko eskatu du.

Gaur goizean Durangoko gobernu taldeak eskainitako prentsaurrekoaren harira, ohar bat kaleratu du Iurretako Udalak. Bertan zehazten dutenez, udalak "urte asko" daramatza Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin lankidetzan, "udalerrian kokatutako ingurumen-baimen integratua duten industria-jardueren ingurumen eraginak murrizteko; bai ingurumen-erakundearen eskumen esklusiboak direnak, bai eta udal-eskumenekoak diren jarduerena ere".

Gaur Durangoko Udalak argitara emandako azterlanaren edukia ez dutenez ezagutzen, udalak "Iurretako eta eskualdeko herritarren osasuna babesteko lanean jarraituko du orain arte bezala" eta "behar diren neurri guztiak hartzeko" eskatuko dio ingurumen-administrazio eskudunari. "Dauden tokian daudela, ustez kutsatzaileak diren fokuen jatorria identifikatzea funtsezkoa da ikuskatzeko eta beharrezko neurriak hartzeko", gaineratu dute.

Nolanahi ere, "harrigarria" egiten zaie Durangoko udaleko gobernu taldeak txosten horren edukia agintari eskudunei "berehala" bidali ez izana, "beraiek hain larritzat jotzen dutena".

"Erantzukizunari, gardentasunari eta administrazioen arteko lankidetzari dei egiten diegu, Durangaldeko udalerri guztiei eragiten dien eskualde-arazoa dela uste baitugu, eta bakarrik elkarlan horretatik konpondu ahal izango dugu", esanez amaitu dute oharra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!