Airearen kalitatea

"Bentzeno piko oso altuak arnasten ari gara"

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 24a, 10:35

Durangoko Udalaren enkarguz egindako azterketa batek dio bentzeno emisio altuak erregistratu direla herriko eguratsean. Metro kubikoko 700 mikrogramo bentzeno detektatu izan dira inoiz. Azterketa Tecnalia ikerketa etxeak egin du. Txostenaren arabera, bentzeno emisioek Iurretan dute jatorria. 

Aire kalitatearen inguruan urgentziazko prentsaurrekoa eman du Durangoko Udalak. Tecnaliak burutu duen ikerketaren emaitzen aurrean udal gobernua "oso kezkatuta" dagoela azaldu du Ima Garrastatxu alkateak. Argi esan du: "bentzeno piko altuak arnasten ari gara. Tecnaliakoek diote bentzeno piko altuak detektatzen diren momentuetan, kutsadura maila Zabalgarbiko erraustegikoa baino handiagoa dela". Metro kubikoko 700 mikrogramo bentzeno erregistratu dira noizbait. Zehazki esanda, 2019ko abenduaren 2an. 

Bentzeno mailak arautzerako orduan, legeak urteroko batez bestekoari baino ez dio erreparatzen. Horren arabera, urte oso bateko isurketek ezin dute metro kubikoko 5 mikrogramo baino benzeno gehiago bota. Txostenak dio Durangon metro kubikoko 0,58 mikrogramo benzeno isurketa erregistratu direla batez beste, urtean. Horrek esan gurako luke batez bestekoaren barruan egon litezkeela emisioak, baina momentu batzuetan kutsadura maila nabarmen igotzen dela. Garrastatxuk dioenez, "Tecnaliako ikerlariek ez dute sekula halako balio handirik atzeman". Baina bentzenoagaz batera, estireno eta telueno maila esanguratsuak detektatu dituzte. Minbizi-eragileak izan ohi dira konposatuok.

Herritarrek lagundutako ikerketa

Azken urteotan hainbat herritarrek kexa adierazi izan dute udalean, herrian usain txarra nabaritzen zutelako. Egoera horren aurrean, udalak ikerketa abiatu zuen Tecnaliagaz batera. Lehenengo fasean 75 foko industrial aztertu zituzten. Bigarren fasean, 11 herritarrek usainen inguruko abisuak jakinarazi zizkieten. Guztira, 40 abisu jaso zituzten. Tecnaliaren azterketaren ondorioen arabera, kutsadura Iurretatik dator, saihesbidetik aurrera dauden enpresetatik, hain zuzen. 

Julian Rios alkateordeak gogoratu duenez, "Lakuaren neurketen arabera airearen kalitatea ona zen. Zoritxarrez, ikerketa honek arrazoia eman digu, bai guri eta baita airearen kalitateagaz kezkatuta plataforma sortu zutenei". Gaineratu duenez, "egoera uste genuena baino kezkagarriagoa da. Urte askoan instituzioak beste aldera begira egon dira".

Datu hauek oinarri hartuta, Durangoko Udalak bilera egin gura du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailagaz eta baita Iurretako Udalagaz ere. "Udal honek pauso bat eman du. Orain besteei ere badagokie pauso bat ematea. Durangoko Udala laguntzeko prest dago", esan du Garrastatxuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!