Iurretakok ezin izan du Ordiziak jarritako harresia eraitsi

Joseba Derteano 2018ko eka. 10a, 18:56

Ordiziak 0-1 irabazi du Larrakozelaian. Orain arteko partidu biak irabazita, gipuzkoarrek igoera faseko aurreneko tokia segurtatu dute. Iurretakok bigarren postua izango du jokoan datorren asteburuan, Araban.

Iurretakorena izan da jokoaren ekimena partidu osoan zehar, baina asko kosta zaio aukerak sortzea. Ezkerretik, eskumatik, motzean, luzean... modu guztietara saiatu dira jokalariak, baina ordiziarrek talde landua, praktikoa eta oso sendoa direla erakutsi dute. Lehenengo zatiko ordulaurdena bete orduko aurreratu dira eta ondoren ondo itxi dituzte zirrikitu guztiak.

Garaipen honekin Hirugarren Mailarako igoera faseko lehenengo postua segurtatu du Ordiziak. Partidu bitik bi irabazi ditu. Joan zen asteburuan 2-0 menderatu zuen Ariznabarra. Hain zuzen, Iurretakok Arabako taldea bisitatuko du hurrengo asteburuan. Bigarren postua izango dute jokoan. Gaur Ariznabarrako entrenatzaileak bertatik bertara jarraitu du Iurretakoren partidua.

Hirugarren Mailatik Bigarren Mailara igotzen den talde kopuru berdina igoko da Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara. Beraz, Durangoko Kulturala igotzea komeni zaio Iurretakori. Atzo igoera faseko azken kanporaketara sailkatu zen Durangoko taldea Alcalari 2-0 irabazi ostean.


Iurretakoko zaleek bete egin dute Larrakozelaia. Ordiziak ere zale dezente ekarri du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!