Kulturala

Alcalari irabazita, Durangoko Kulturala Bigarren B Mailatik pauso batera dago

Joseba Derteano 2018ko eka. 9a, 20:08

Durangoko Kulturalak 2-0 irabazi dio Alcala taldeari. Emaitza horri esker Bigarren B Mailarako igoera faseko azken kanporaketara sailkatu da. Partidu beroa eta intentsoa izan da, zelai barruan zein harmailetan Alcalako zale ultren bisitagatik.

Madrilgo partidua bana amaitu ostean, Alcala golen bat sartzera beharturik zegoen, baina ez dira itsu-itsuan aurrera irten. Zelai erdiko jokoa nagusitu da lehenengo zatian eta apenas egon da aukerarik. Tentsioa, ordea, erregalatzeko adina zegoen. Falta gogor batzuen ostean jokalariak behin baino gehiagotan elkarri mokoka aritu dira, baina kontua ez da gehiagora joan. Nabari zen asko zegoela jokoan. Aukera handi barik husna amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatia hasi eta berehala heldu da Kulturalaren gola. Ondoko sake pozointsu batek langa jo du, baloia berbertan geratu zaio Ekaini eta barrura bidali du. Kornerren bidez Kulturalak sarritan sortu du arriskua eta beste golen bat ere gertu izan du. Madrildarrek aurrera egin dute. Ez zuten beste erremediorik. Izan dituzte arriskualdi batzuk, baina Kulturalak ere, baloia osten zuenetan, espazio gehiago zuen kontraerasorako. Jon Errasti atezainak geldiketa eder bat baino gehiagorekin lagundu dio taldeari. Kulturalaren bigarren gola partiduaren hondarrean heldu da eta taldeko beste Ekain izan da protagonista. Azkenean, jokalarien arteko beste tira-bira baten ostean, 2-0 amaitu da partidua eta etxekoek zaleekin ospatu dute lorpena. Kulturalari kanporaketa bat gainditzea falta zaio kluba sortu zeneko mendeurrena Bigarren B Mailan ospatzeko.

Harmailetakopartidua’

Ehun bat lagun etorri dira Madrildik: batzuk kamiseta gorria jantzi eta animatzera. Beste hainbat, kantu iraingarriekin probokatzeko intentzio hutsez. Ertzainek autobus barruan izan dituzte eta handik zuzenean sartu dituzte zelaiko txoko batera. 

Etxeko zale batzuk ez zeuden isilik geratzeko prest. Zelaiko hegal berean baina beste puntan Tabira Army izenarekin batu da zale gazte talde bat. Atsedenaldian talde biak elkarri irainka aritu dira, baina distantziatik. Ertzainek hemengo zale haiei kargu hartu diete eta une batean tentsioa ikaragarria izan da. Zale haiek zaindu beharrekoak beste aldean zeudela esaten zieten ertzainei. Segituan bigarren zatia hasi da eta animoak baretu dira.

Kontu horiek alde batera utzita, Tabirako gainerako harmailak lepo bete dituen Kulturaleko zaleen jarrera goraipatzekoa izan da. Kantuka eta danborren laguntzarekin jokalariek behar zuten hauspoa izan dira une askotan. Amaieran etxeko jokalariek ez ezik Alcalakoek ere txaloen artean egin dute aldageletarako bidea. Horrelako keinuak dira futbola.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!