“Zaleen aupadak asko lagundu zigun eta hurrengo partidu bietan ere behar dugu hauspo hori”

Joseba Derteano 2018ko eka. 8a, 14:47

Iurretako futbol taldeak bere historiako partidurik garrantzitsuena jokatuko du domekan, 17:00etan, Larrakozelaian. Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara igotzeko fasean Gipuzkoako Ordizia taldearen kontra jokatuko du. Horren ostean, ligaxkako beste partidu bat geratuko zaio, hurrengo asteburuan, Araban. Ander Zenitagoia (Durango, 1987) taldeko kapitainak jokalariek bizi duten ilusioa azpimarratu du.

Zer dakizue igoera faseko aurkariei buruz?
Ez dugu askorik jakin. Baina abantailatxo bat izan dugu. Igoera faseko lehenengo partidua elkarren kontra jokatu zuten joan zen asteburuan eta horrek biei jarraipena egiteko eta eurei buruz gehiago jakiteko aukera eskaini digu.

Igoera fase arraroa duzue. Dena ez dago zuen esku. Baliteke zuen ahaleginak ezertarako balio ez izatea Bigarren B Mailako euskal talderen bat igotzen ez bada.
Lehenengo geratu gaitezke eta igo ez, edo hirugarren geratu eta igo. Horrela da, bai. Guk gure lana egingo dugu eta Hirugarren Mailako talderen batek lagunduko digun konfiantza dugu.

Durangoko Kulturala da talde horietako bat. Iurretako talde bat Durangoko beste bat animatzen. Benetan kuriosoa.
Bai, ezta? Conquenseren kontrako kanporaketan, han jokatu zuten partidua internet bidez zuzenean jarraitu genuen, emaitza hark eragiten zigulako. Tira, azkenean lagunak  ditugu han. Nik neuk lehengusu bat ere bai, Ekain Zenitagoia.

Baliteke zuek igotzea eta Kulturala ez. Aukera hori posible da. Badakizu horrek zer ekarriko lukeen, ezta?
Iurretakoren eta Durangoko Kulturalaren arteko derbia Hirugarren Mailan. Badakigu, bai. Polita litzateke. Horrelako derbiak motibagarriak dira beti. Baina, momentuz, eurek igotzea espero dugu.

Sondikan jokatu zenuten ligako azken partidura autobus bete zale joan zen. Kotxez ere bai batzuk. Zaleen berotasuna sentitzen duzue?
Sondikakoa ikusgarria izan zen. Taldeko asko gazteak dira, urduri zeuden, eta zaleen aupada horrek asko lagundu zigun. Geratzen zaizkigun partidu bietan ere behar dugu hauspo hori. Zaleen berotasuna zoragarria litzateke, konfiantza itzela emango ligukeelako eta edozein lorpen denok elkarregaz ospatzeko aukera eskainiko
ligukeelako.

Nork esango zizuen urte hasieran Iurretakoren historiako denboraldirik onenaren atarian egongo zinetela.
Urte hasieran beti izaten dugu onenekin ibiltzeko asmoa, Ohorezko Mailan gabiltzan sei urteetan horrelaxe gertatu da eta. Aurten ere jakin dugu talde ona geneukala, baina ez genekien seguru gure sabaia non zegoen. Zorionez, aurtengoa inoizko urterik onena izan da eta ilusio handiagaz gaude.

Zelan laburbilduko zenuke zuen ligako jarduna?
Hasieran, hamabost bat partidutan galdu barik egon ginen eta horietako hamaika irabazi genituen. Segidan, bolada txar bat izan genuen. Sei-zazpi bat partidutan ez genuen irabazi, eta lidertza galdu genuen. Partidu horiek ondoren bideoan ikusita, ez genuen gure burua hain txarto ikusten. Berdin jokatuta, aurretik emaitza onak atera genituen. Sarritan ez da erraza horrelako boladen arrazoiak jakitea. Talde gaztea dugu eta, beharbada, esperientzia falta ordainduko genuen. Azken txanpan berriro partiduak irabazten hasi ginen eta gol asko sartuta, gainera. Azkenean, 52 gol sartu ditugu, inoiz baino gehiago.

Goleatzaileen zerrenda ikusita, ez dago bereziki nabarmentzen den inor.
Gure aurrelariak, goleatzaile petoak baino, mugikortasuna dutenak eta langileak dira. Golak banatuta egon dira aurten. Horrek alde positibo bat du: denok garela gai golak sartzeko eta ez dugula jokalari batekiko menpekotasunik.

Kapitainak zer ekarpen egin dio golen zakuari?
Lau bakarrik sartu ditut.

Bakarrik diozu? Erdilari batentzat kopuru polita da. Area zapaltzen duen horietakoa zara?
Lehenago, gehiagotan heltzen nintzen gora, baina adinagaz gero eta atzerago joan naiz zelaian (barrez). Baina, tira, saiatzen gara. Gol bat penalti bidez izan da, baina, gainerakoak, atzetik helduta.

Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak zer pisu du taldearen lorpenetan?
Handia. Oso profesionala da, asko aztertzen du dena eta horrek eragina du gugan eta gure errendimenduan. Urte askoan dabil taldean eta Bigarren Erregionaletik Ohorezko Mailara eraman du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!