Iurretakoren historiako denboraldirik onenean, Hirugarren Mailara igotzeko borrokatuko dira

Joseba Derteano 2018ko eka. 1a, 17:00

Denboraldi historikoa izaten ari da Iurretako futbol taldearentzat. Hirugarren Mailarako igoera fasera sailkatu izana nobedadea da klubaren ibilbidean, baina ez daude konformatzeko prest.

"Denboraldi historikoa izaten ari da guretzat eta borrokan jarraitzeko gogotsu gaude", adierazi du Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak, datozen asteetan Gipuzkoako eta Arabako talde banaren kontra jokatuko dituzten partiduen atarian.

Ekainaren 3ko lehen jardunaldian Gipuzkoako Ordizia eta Arabako Ariznabarra taldeek elkarren kontra jokatuko dute. Hurrengo partidu bietan sartuko da jokoan Iurretako. Ekainaren 10ean Ordizia hartuko du etxean, eta ekainaren 17an Arabara joango da.

Oraindik ez dago jakiterik hiru talde horietatik baten bat igo daitekeen ala ez. Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara igotzea lortzen duten euskal taldeen araberakoa hori. Durangoko Kulturala, Alaves B eta Portugalete dabiltza borroka horretan. Beraz, Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara zenbat euskal talde igo, beste hainbeste igoko dira Bizkaiko liga nagusitik Euskadikora.

Denboraldiko zati luzean lider egon da Iurretako. Esaterako, otsaileko talderik onena izan zen. Inoiz baino gol gehiago sartu dituzte gainera: 52 guztira. Zaleak taldeagaz bat eginda egon dira. "Ligako azken partiduan autobusa zalez beteta joan zen Sondikara. Kotxez ere joan ziren asko, euren kontura. Eskaini diguten laguntza eskertu gura diegu", dio taldeko entrenatzaile Vazquezek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!