"Igeriketako tartea erabakigarria da; oso adi egon behar dut"

Joseba Derteano 2017ko urr. 11a, 10:17

Gurutze Fradesek munduko triatloi txapelketa lehiatuko du zapatuan Ironman distantzian. Hiru aste daramatza Konan (Hawaii) girora moldatzen eta entrenatzen.

Zapatuan, 18:35ean —Euskal Herriko ordua—, hasiko du proba. Nahiko atzean ekingo dio. Beragaz batera hasiko direnen artean “oso txirrindulari onak” daudela adierazi du eta “oso garrantzitsua” dela euren erreferentzia hartzea lehenengo trantsizioaren ostean. Beraz, igeriketan egin dezakeen lana da “benetako gakoa”. “Denen artean aurrerantz egin dezakegula uste dut, baina horretarako eurekin egon behar dut. Horregatik diot uretako tarteak berebiziko garrantzia duela”. Lehenengo trantsizioaren unean ere ezingo du despistatu. “Lasterketa oso bizkor irteten da, denek ihes egin gura izaten dute. Beraz, oso bizi eta adi egon beharko dut”.

“Nik badakit azken zatia ondo egin dezakedana”, dio. Korrikako tartea izan ohi da iurretarraren indargunea. Korrika ere indarrak neurtzea pentsatua du, “azken txanpara indartsu heltzeko”.

Uztailetik hona Konako hitzordua prestatzen dabil Frades. Sierra Nevadan entrenamendu bereziak egin ditu. Ondoren, Hawaii-ra bidean, Augustuko Iromana lehiatu zuen. Hiru aste daramatza Konan hango girora egiten eta entrenatzen. Iazko lehenengo aldian baino erosoago sentitzen da aurten. “Asko igartzen da. Badakigu tokiak eta gauzak non dauden, nola mugitu leku batetik bestera… Lasaiago gaude”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!