“Sekula ez naiz proba batean erretiratu, eta Hawaiikoa ez zen salbuespena izango”

Anboto 2016ko urr. 11a, 15:29

Gurutze Fradesek (1982, Iurreta) bere ibilbidean inoiz ez bezala sufritu zuen Hawaiin jokatutako munduko Ironman txapelketan. Gorputzak ez zion gura zuen moduan erantzun, eta 33. tokiak (10.18.46) ez du islatzen bere benetako gaitasuna. Puntu gutxi batu zituen, eta datorren urteko parte-hartzea konprometitu du horrek. Jarrera positiboari eusten dio, eta bere ibilbideko sasoirik onenean dagoela uste du, baina horrelako erronka bat gauzatzeak eskatzen duen makinaria guztia (babesleak, logistika…) berriro martxan jartzea konplikatua eta nekagarria da. Bidegurutze horretan dago orain.

Kontaiguzu zelakoa izan zen zure lasterketa. Igeriketa saioan zelan zeunden?
Uretatik 35. tokian irten nintzen, espero nuena baino aurrerago. Egia esan, bizikletako ibilbideko erdia osatu arte, lasterketa oso ondo zihoan. Egon gura genuen lekuan geunden.

Orduan hasi zen gurutzebidea.
Bai. Ahultzen hasi nintzen, eta goragalea etorri zitzaidan. Kirol honetan ondo hidratatu beharra dago, eta, beharbada, bidoian neraman Coca-cola bizikletan asko mugituko zen, eta apar gehiegi edan nuen. Hasieran, edan eta edan ibili nintzen, eta bizikletan beti posizio batuan goazenez, hainbaten, edaria ez zitzaidan ondo barneratuko. Posizioa sarritan aldatzen eta elikagai solidoak jaten saiatu nintzen, baina goragalea ez zen joaten.

Lasterketari eutsi ahal izan zenion?
Erritmoa jaitsi nuen, eta lasterketa joan egin zitzaidan apur bat, baina ez gehiegi ere. Bizikletatik jaitsi, eta korrika hastean gorputza hobetu egingo zitzaidala uste nuen. Baina, ez, okerrera joan zen, eta hasierako 12 kilometroak kalbario hutsa izan ziren. Tripa puztuta eta minduta nuen. Sabelak ez zuen jandakoa eta edandakoa barneratzen, eta dena hantxe geratu zen. Ondorioz, gorputza kolapsatu egin zitzaidan. Ez zen tripa bakarrik, gorputz osoak ez zuen ondo erantzuten. Balantzaka nenbilen. Hasieran pattalaldi bat baino ez zela pentsatu nuen, baina ez, gorputza erabat kolapsatu zitzaidan.

Ironmana bertan behera uztea pasatu zitzaizun burutik?
Bai. Ia zutunik ere ezin nintzen mantendu, eta dena bertan behera uztea pasatu zitzaidan burutik, baina sekula ez naiz proba batean erretiratu, eta Hawaiikoa, nire erronka nagusia, ez zen salbuespena izango.

Kalbarioak lasterketa amaitu arte iraun zuen?
12 edo 15. kilometroan Rober [Corujo] nire entrenatzaile eta bikoteagaz, eta gugaz zegoen triatleta bategaz bat egin nuen. Zer gertatzen zitzaidan azaldu nien, eta ondo ulertu zuten. Kolapsoa ekiditeko, nahita botaka egitea erabaki genuen. Asko bota nuen, dena likidoa. Gorputza askatu egin zitzaidan. Nire ohiko denboretan ez, baina, gutxienez, korrika egin nezakeen.

Hortik amaierara, arazorik barik heldu zinen?
Ba, ez. 30 kilometro falta zitzaizkidan, eta berriro edaten eta jaten hasi, eta ostera ere txarto jarri nintzen. Jatea eta edatea akatsa izan zen. Azkenean, ahoa busti baino ez nuen egiten, ezer edan barik. 38. kilometrotik aurrera [42.2 km dira korrika], gorputzak hobera egin zidan eta, nola diren kontuak, indartsu amaitu ahal izan nuen. Baina, zoriotxarrez, ordurako berandu zen, lasterketak aspaldi egin baitzidan ihes.

Zure ibilbidean, sufritu duzu inoiz hainbeste?
Ez, gorputza horrela kolapsatzea sekula ez zait lehenago gertatu. Pattalaldiak izan ditut, minak ere bai, baina hainbestekorik inoiz ez.

Non eta zure ibilbideko erronkarik nagusienean gertatu behar.
Bertara heltzea hainbeste kostatu zaidanean, ikaragarri prestatu dudanean. Oso sasoi onean heldu nintzen eta, bai, non eta Konan gertatu behar!

Zer sentsazio dituzu probaren biharamunean?
Sentsazio asko dira. IronMana zelan hasi nuen ikusita, lasterketa 15 onenen artean amaitu nezakeela uste dut. Pena hori geratzen zait, dena eman ezin izana, baina jokoaren parte da. Aspaldian poz asko bizi izan ditut, eta kirol ibilbide batek horrelako uneak ere baditu.

Bere sasoian, apustu sendoa egin zenuen Ironmanaren eta munduko txapelketaren alde. Buru-belarri eta ehuneko ehunean horretara egon zara. Orain, behin hitzordu hori joanda, zelan planteatzen duzu etorkizuna?
Dena konplikatu da. Konako munduko txapelketara itzultzeko sailkapena gaitza da. Hau dena apustu handi bat izan da. Ahalegin eta esfortzu handia, eta erabateko dedikazioa eskatu dit. Asko inbertitu dugu zentzu denetan. Eta hori guztia berriro itzuli dadin… ez dakit, ba! Ekonomikoki eskatzen duen ahalegina, eta sailkapena zein konplikatua dagoen kontuan hartuta… ez da batere erraza.

Zergatik dago sailkapena hain konplikatu?
Baliteke Ironman bat egin behar izatea laster, hilabeteren barruan. Kontuan hartu behar da Konan ia ez dudala punturik lortu, eta iaz azarorako proba bi amaituta nituela: Vichy-koa eta Malaysiakoa. Berriro hutsetik hastea modukoa da.

Beraz, erabaki konplikatu eta garrantzitsu baten atarian zaude.
Bai, Malaysia, Australia edo Amerikako Estatu Batuetara joan Ironmana egitera, edo atseden hartu eta datorren denboradiari beste modu batera heldu. Babesleen kontua ere hor dago. Eurekin berba egin beharko da, gugaz jarraitzen duten ala ez jakiteko. Izan ere, honek guztiak gastu ekonomiko handia eskatzen du.

Animo aldetik, zer moduz zaude?
Orain astebeteko bera naiz, eta baikor nago. Oso indartsu eta gogotsu sentitzen naiz. Zentzu horretan, ez naiz behera etorri. Nire ibilbideko sasoirik onenean nagoela uste dut. Konako lasterketa zer den barrutik ezagutu dut, eta badakit proba oso ona egin dezakedala. Baina, jakina, gogoa bakarrik ez da nahikoa. Azaldu dudan moduan, beste hainbat alderdi ere badaude, eta logistika hori dena bideratzea ez da erraza. Ikusiko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!