Iurretako San Migel jaiak

Asier Baraiazarra: "Bi akordegaz kanta bat egin badezaket, egin egiten dut: gogoko dut soiltasuna"

Anboto 2014ko ira. 25a, 10:10

Iurretako jaietan joko dute, zapatuan, Asier Baraiazarra Osie durangarrak eta Baraia Band taldeko kideek.

Zer da jendeak Iurretako jaietan entzun ahalko duena?
Kanta berriak entzun ahalko ditu, horiexek eskainiko ditugu zuzenean; erritmo biziagoko kantak sartu ditugu errepertorioan. Gure lehenengo aldia izango da hain agertoki handian eta horrelako ekipoagaz, eta gogo handia daukagu.

Noiztik zabiltza Baraia Band taldeagaz?
2012an hasi ginen Baraia Band taldeagaz. Oso musikari onek inguratuta dihardut. Zorte itzela daukat! Asier Elias (The Mocker’s taldean ere badabil), eta Dani del Valle eta Liher Granados (goi-mailako musika ikasketak egiten dabiltza) ditut lagun.

Zelan elkartu zineten laukote honetan?
Liherrek ezagutzen zituen Asier eta Dani, eta horri esker elkartu ginen. Kanta mordoa neuzkan 2008tik eginda, eta horiek taldean jotzen hasi ginen 2012an.   

Gitarrak presentzia nabarmena dauka zure kantetan.
Bai, horrela da. Gitarragaz konposatzen dut beti, eta hori inportantea da niretzat. Normalean gitarra akustikoagaz jotzen ditut kanten lehenengo akordeak, eta elektrikora pasatzen ditut gero. Bi edo hiru akordegaz kanta bat egin badezaket, egin egiten dut: gogoko dut soiltasuna. Eta horixe bilatzen dut.

Beste proiektu bategaz ere bazabiltza, ezta?
Bai, neuk sorturiko kantak jotzen ditugu The Lionels taldean ere. Logelan grabagailuagaz sartu, eta ideia piloa sortzen zaizkit.   

Zer darabilzu orain buruan?
Hamabi abesti dauzkat eginda, eta horiek aurten grabatzea da helburua. Neuk grabatu gura ditut instrumentu guztiak, eta lagun batek lagunduko dit gero nahasketekin.

Egunero jotzen duzu?
Bai; batzuetan jo eta ez da ezer ateratzen, baina beste egun batzuk oso emankorrak izan daitezke. Duela aste bi, esaterako, kanta bi sortu nituen; gauez letrak idatzi, eta osatu egin nituen!

Zure kanten letrak gehiago dira barrura begirakoak.
Bai, neure barruko gauzei buruz idazten ditut letrak: jendartean zelan sentitzen naizen; haurtzarotik hona zelan igaro den denbora; bizitza eta mundua zelan ikusten ditudan...

Rock gogorretik erritmo bareagoetara egin duzu bidea urteotan. Zelan ikusten duzu eboluzio hori?
Ez dauka zerikusirik orain egiten dudanak eta lehenago egiten nuenak. Urteak pasatu ahala aldatu egiten gara. Ez dakit, zimeldu egin naiz beharbada! [Barrez]. Baina neurea egin gura dut, estilo bat edo talde bat erreferentzia bakartzat hartu barik.

Hardcore giro horretan berriro murgilduko zinateke?
Bai, oso gustura gainera! Bizipen ederrak izan genituen hasierako taldeetan.  

Zer nahiago duzu, bakarka jardun ala taldekideek lagunduta jo?
Batak eta besteak ez daukate zerikusirik. Atzean taldea daukadala jardutea asko gustatzen zait. Abestia erakusten diet lokalean, eta, taldekideak musikariak direnez, denen artean ematen diogu kantari azken egitura. Oso aberasgarria da gitarra bategaz sortutakotik soinua zelan aberasten den ikustea.

Bakarrik edo taldeagaz jo izan duzu gehiago?
15 urte inguru nituenean hasi nintzen gitarra jotzen, eta hainbat taldetan jo dut ordutik hona: Kezka, Saxexful eta Flashback taldeetan. Rock-and-rolla eta punka jo dugu talde horietan.

Zuzenean, zelako giroetan jarduten duzu gusturen?
Taberna txikietan jotzea, esaterako, oso gogoko dut. Adibidez, azken zuzenekoa Durangoko Intxaurren eman genuen, eta oso gustura egon ginen.

Zeintzuk dira zure egiteko moduan eragina izan duten taldeak edo bakarlariak?
Oasis taldea aipatuko nuke: 18-20 urte nituela lagun batek disko bat oparitu zidan, eta denboraldi batez hori baino ez nuen entzuten. Baina lehen egiten genuen musika gogorragoaren estiloko doinuak ere gustuko ditut.

Durangaldeko talderen bat bereziki gogoko duzu?
Txundituta naukate, esaterako, laster diskoa kaleratuko duten The Mocker’s taldeko lagunek. Maila itzela daukate 20 urtegaz! Kilauea taldea ere gustuko dut, esate baterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!