Iurretako San Migel jaiak

Dena prest San Migel jaiei hasiera emateko

Anboto 2014ko ira. 15a, 14:33

Ofizialki irailaren 28an hasiko diren arren, asteburu honetan bertan sanmigeletarako beroketak egiten hasiko dira iurretarrak. Prentsaurrekoa eman dute jai batzordeko kideek, elkarteek eta udal arduradunek. Nobedadeen artean, jaietako argazki lehiaketa antolatu dute. Aurtengo mozorro eguneko gaia "ipuinak" izango da, eta bezperan, "bariku aldrebesa" ospatuko dute.

Iñaki Irazabal Kiñak egin du aurtengo Iurretako jaiak iragatzen dituen kartela. Oromiñon ateratako argazki bat da oinarria. Zinta dantzako korapiloa lehenengo planoan, ezpatadantzariak somatu daitezke arkuekin atzean. Irazabalek hainbat urtetan aurkeztu ditu lanak jaietako kartel lehiaketara. San Juan bezperako jaian herritarrek horrela bozkatuta irabazi du aurtengo lehiaketa.

Oromiñokoa lako argazki bereziak jaietan ugari atera daitezkeela-eta, aurten Sanmigeletarako argazki rallya antolatu du udalak. Irailaren 30era arte ipini dute epea Iurretako jaiei buruzko argazkiak aurkezteko. Urriaren 5ean, jaien amaieran egiten duten azokan banatuko dute  saria. Parte hartzaile bakoitzak argazki bi aurkeztu ditzake kultur-etxea@iurreta.net helbidera.

Asteburu honetan

Bariku honetan Pirritx eta Porrotxen 'Bizi Poza' ikuskizunagaz hasiko da jaietako giroa Iurretan. Urtero herriko frontoia betetzen dute pailazoek, eta aurten 18:00etan edukiko dute hitzordua. Zapatuan,  afizionatuen eta profesionalen pilota partidak izango dituzte, eta Pablo Berasaluzeri omenaldia egingo diote, Olaburu pilota elkarteari eman dion laguntzagatik. Domekan, berriz, Iurretako Hiri Krosa froga egingo dute.

Lehen asteburua

Bete-betea izango da lehenengo asteburua. Esaterako, zapatu goizean Zaldai mendi taldeak antolatuta, mendi martxa egingo dute goizean. Aurten martxak eta taldeak berak bost urte betetzen ditu, eta 29 kilomtetroko ibilbidea prestatu dute, "denek egiteko modukoa". Egun horretan, tortila txapelketa ere egongo da, gazte asanbladak antolatuta. Aurten herrigunean egitea erabaki dute, jai-giroa bertara mugitzeko. Gauean, Baraia Band, Fiachras eta Exaixu taldeen kontzertuak izango dituzte.

San Migel bezperan Ahari Iurreta zikloturisten martxa edukiok dute, eta eguerdian Montoitik txapligoak botata hasiko dira ofizialki jaiak. Arratsaldeko seiretan igoko dute gero Donien Atxa.

San Migel egunean, arratsaldean koadrilaka herri kirolak egingo dituzte, Gorka Lazkano, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altube bertsolarien komentarioekin. Eguerdian eta arratsaldean Mikel Deuna dantza taldearen emankizunak egingo dira. Aurten, iazko moduan, Dantzari Dantzagaz batera nekek ere egingo dute dantza; meza ostean Gorulari dantza egingo dute eta arratsaldean Soka dantza.

Ipuinak eta aldrebeskeriak

Bigarren asteburua mozorroz betetako asteburua izaten da Iurretan. Aurten, barikurako 'Bariku Aldrebesa' gaia ipini du jai batzordeak: "Edozer izan daiteke, erropak alderantziz jantzita joatea, zapatilak eskuetan, bularretakoa gainetik... Gaia ipini dugu eta gero bakoitzak ikusi dezala zer den aldrebes joatea". Zapatuko gaia 'Ipuinak' izango da, eta bazkalosterako, gainera, ipuin-kontalaria ekarriko duet. Barikuan eta zapatuan erromeriaz gozatu ahalko dute iurretarrek; barikuan, Drindotsegaz eta zapatuan Luhartzegaz.

Anderebide eta Ekiren ekitaldiak

Prentsaurrekoan eurek antolatutako ekitaldien berri eman dute Anderebide emakumeen elkarteak eta Eki herri kirol elkarteak. Anderebidek 25erako Banarte antzerki taldearen 'Guernica 1913' antzezlana lotu dute: "Langile borrokari buruzko lana da eta mezuan argi ikusten da gaur egun re gizartearen euskarri direla emakumeak". 26an luntxa edukiko dute bazkideek, eta DJ Keferi ekarriko dute Askondon, herritar guztientzako musika ipintzen.

Eki kirol taldeak, bere aldetik bi saio antolatu ditu. Irailaren 26an umeentzako herri kirolak egingo dituzte 17:30ean, eta urriaren 5ean, dantzarien ostean, profesionalen txanda izango da: Saio horretan batez ere emakumeak egongo direla aurreratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!