Aurreko urteetako sanmigueletan hasitako bideari jarraituz, urriaren 3ko Bariku Aldrebesak umore ukitu bat eman gura die jaiei. Aurreko aldietan, Migueltxo Kajoi eta Txomingero izan dira proposatutako gaiak, besteak beste; aurten, berriz, arropa atzekoz aurrera edo orden jostagarrian janzteko eta egunean izango diren askotariko ekintzetan modu horretara parte hartzeko deia egin dute. Esaterako, 19:00etan, Jarauta 69 fanfarriak girotutako poteoa egingo dute herrian zehar, eta, 23:00etatik aurrera, dantzarako gonbita luzatuko du Drindots erromeria taldeak. Aurreko aldiek oso harrera ona izan dute, eta horrek aurten ere gai bat pentsatu eta ekimena antolatzera animatu dituela adierazi dute Jai Batzordeko kideek.
Ipuinetako mozorroak
Urriaren 4a Mozorro Eguna izango da Iurretako sanmigeletan, eta aurtengo gaia ipuinak da. Nork ez du umetan entzundako ipuinetan pertsonaia kuttunen bat? Ausardia batu, eta pertsonaia horiek fantasiatik San Miguel jaietako errealitatera ekartzeko eguna izango da. Gainera, egun horretan, 18:00etan, ipuin kontalari saio bat ere egongo da Iurretako plaza nagusian.