Erlojupeko bako Emakumeen Biran, denbora sariak emango dituzte helmugan eta etapan zehar

Anboto 2014ko mai. 29a, 13:44

Etapa amaieretako udaletako ordezkariak, antolatzaileak eta babesleak eta Euskadiko federazioko presidentea aurkezpen ekitaldian.
Ekainaren 12tik 15era izango den Emakumeen Biran aurten ez dago erlojupekorik; horren ordez, denbora sariak ipini dituzte helmugetan eta etapetan zehar, baina toki sekretuetan; munduko onenak etorriko dira


Ekainaren 12tik 15era izango da Emakumeen Biraren 27. aldia. Aurtengo nobedade nagusia da ez dela erlojupekorik egongo, eta horregatik ipini dituzte denbora sariak. Parte-hartzaileei dagokienez, onenak etorriko dira.


Etapak diseinatzerako orduan, aurrekontuan lagundu duten udalen irizpideak kontuan hartu dituzte antolatzaileek, eta “aurten horrela egokitu da”, azaldu du Agus Ruiz Emakumeen Bira ZKEko ordezkariak erlojupekoa kentzearen inguruan. Faboritoen artean denborak markatzeko erlojupekorik ez dagoenez,  antolatzaileek etapa bakoitzeko denbora sari bi ipintzea erabaki dute: helmugan 6, 4 eta 2 segundo; eta etapan zehar, epaileek bakarrik jakingo duten puntu batean, 3, 2 eta 1. Horrela, lehiakortasun eta emozio handiagoa eman gura diote Birari. Helmugako denbora saria berreskuratu egingo dute, Birako hasierako aldietan bazegoelako. Etapetan zehar dauden denbora sariek, aldiz, adierazi dute inon ez dutela aurrekaririk. Tourreko lehen aldietatik (XX. mende hasieran) hartu dute ideia. Orduko etapa luzeetan (400-500 kilometroko eta 8 orduko etapak) epaileek kontrol guneak ipintzen zituzten parte-hartzaileek tranparik egin ez zezaten. Ideia hori lehiakortasuna handitzeko erabiliko dute Biran, txirrindulariek ez dutelako jakingo puntu horiek non dauden. UCIk adierazi die ideia gustuko dutela, baina behin betiko konfirmazioaren zain daude.


Vos eta Johansson
Izena eman dutenen artean Marianne Vos (Rabo Liv Women) dago; herbeheretarrak birritan irabazi du Bira eta gaur egungo munduko txapeleduna da. Aurten, BTTan zentratuta dabil, baina errepideko lasterketa batzuk ere lehiatzen ditu. Iazko irabazle Emma Johansson suediarra (Orica-AIS) ere irteera puntuan egongo da. Iaz bigarren geratu zen Elisa Longo (Hitec Prioducts) eta Emma Pooley (Lotto) ere faboritoen artean daude.


Biran hemezortzi taldek hartuko dute parte, eta horietako hiru euskaldunak dira: Bizkaia-Durango, Lointek eta CAF Transport Engineering. Azken hori, Emakumeen Bira ZKEren taldea da. Biran parte hartu gura zuten, baina horretarako talde edo aukerarik gabe zeuden txirrindulariei aukera eskaintzeko baliatuko dute. Tartean Ziortza Isasi elorriarra dago; 19 urtegaz bere lehenengo Bira izango da. Eneritz Iturriaga izango da talde horretako zuzendaria Biran.

Bizkaia-Durango taldea Anna Ramírez, Irene San Sebastian, Leire Olaberria, Maialen Noriega eta Dorleta Eskamendik osatuko dute. Oyarbidek Erlojupeko Euskadiko Txapelketa irabazi berri du, eta Ramirezek Ozaetako lasterketa irabazi zuen maiatz hasieran. Leire Olaberria ere sasoi betean dago aurten lehenengoz antolatu den Gipuzkoako Itzulia irabazi ostean.

 

1.etapa: ekainak 12 · Iurreta-Iurreta (88 km)

Iurretan hasi eta amaituko den lehenengo etapa hau ohikoa da Emakumeen Biran. Lehen zati eramangarri baten ostean, Zumeltz eta Urkiola (Otxandiotik Durangorako norabidean) igoko dituzte, baina benetako aldeak jaitsieran heldu daitezke. Jaisten abilak direnek ibilbide aproposa aurkituko dute Urkiolako bihurgune itxi eta teknikoetan. Ondoren, Mañaritik helmugara 6 kilometro eskas geratuko dira. Oro har Durangaldeko hainbat herri zeharkatuko dituzte lehen etapa honetan: Iurreta, Abadiño, Elorrio, Berriz (Miotatik helduko dira), Otxandio, Mañaria eta Izurtza.

2.etapa: ekainak 13 · Oñati-Oñati (113,7 km)

Lehenengo zatia laua da, eta errodadoreentzat aproposa. Azken txanpan Udana eta Atagoiti Gane igoko dituzte, baina ez dira mendate lar gogorrak. Atagoitik %4 inguruko desnibela du batez beste. Baina mendateekin beti gertatzen den legez, lasterketako erritmoak markatuko du benetako gogortasuna. Azkenengo 10 kilometroak azkarrak eta beheranzko joeragaz izango dira.

3.etapa: ekainak 14 · Arrieta-Mungia (91 km)

Etapa konplikatua da, eta oso gogorra izan daiteke. Ia ez dago lautadarik, eta ibilbide gorabeheratsu bati aurre egin beharko diote txirrindulariek. Hankek ez dute indarberritzeko modurik izango ibilbide osoan. Aurreikuspenen arabera, Birako sailkapen nagusirako borrokan dabiltzanek protagonismoa hartuko dute etapa honetan. Denborak markatuko dituen etapa izango da. Arrieta eta Andraka dira hirugarren etapako mendateak.

4.etapa: ekainak 15 · Ataun-Ataun (115,4 km)

Arrieta-Mungiakoagaz batera Birako etaparik gogorrena da , dauden mendateengatik eta txirrindulariek aurreko etapetako ahalegina igarri dezaketelako. Urkillaga birritan igoko dute. Lehenengo igoerak galbahe lana egingo du, eta bigarrena helmugatik gertu dago. Hori gutxi balitz, igoera bien artean Abaltzisketa gaina ere igaro beharko dute txirrindulariek. Ez dira mendate luzeak, baina bai gogorrak: %8-9ko desnibelak daude aldapa askotan, eta %11ra heltzen dira une batzuetan.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!