Maiatzean eman zion Iurretako Udalak obra lizentzia janari lasterreko enpresari, hala ere, atzera egin du.
McDonald’s jatetxea eraikitzeko egitasmoa bertan behera utzi du AEBetako janari lasterreko konpainiak. Horrela baieztatu du Iñaki Totorikaguena alkateak. Iurretako Udalak joan zen maiatzean eman zion obra baimena McDonald’s enpresari, eta hiru hilabeteko epea zuten lanekin hasteko. Hala ere, tarte horretan atzera egin du konpainia estatubatuarrak. Beraz, momentuz behintzat, McDonald’s jatetxerik ez dute eraikiko Durangaldean.
Ertzilla industrialdean, bide ondoan, janari lasterreko jatetxea eraikitzeko obra baimena eskatu zuen McDonald’s enpresak. McAuto 24 orduko janari zerbitzua ere jarri gura zuten martxan. Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu duenez, “udalak ez du inoz interes berezirik izan McDonald’s konpainia herrian egon zedin. Eurek lizentzia eskatu zuten, eta dena zuzen egon zenez, baimena eman zitzaien”. Hiru hileko epea izan dute lanekin hasteko. “Hala ere, ematen duenez, hobeto pentsatu dute, eta tarte horretan baimena ez baliozkotzea erabaki dute”. Horrela jakinarazi dute idatzi baten bidez, udaletxean.
Sarbideekin zalantzak
Alkateak adierazi duenez, McDonald’s jatetxearen sarbideak zelan bideratu ez dute oso argi eduki konpainiako arduradunek. Eta gainera, enpresako hainbat sailen artean ere desadostasunak egon dira. McDonald’s enpresaren etorrerak era guztietako iritziak sortu zituen Durangaldean.