Distantzia ertainean zein luzean Espainiako triatloilaririk onena da Frades

Anboto 2013ko ira. 3a, 10:51

Orain asteburu bi, Gurutze Frades iurretarrak distantzia ertaineko triatloien Espainiako txapelketa irabazi zuen Posadas herrian (Kordoba). Gaur egun, bera da distantzia luzeko Espainiako txapelduna ere.

Orain asteburu bi, Gurutze Frades iurretarrak distantzia ertaineko triatloien Espainiako txapelketa irabazi zuen Posadas herrian (Kordoba). Gaur egun, bera da distantzia luzeko Espainiako txapelduna ere.

Distantzia erdiko txapelketa ez zegoen berez Fradesen denboraldiko hitzorduen artean, baina data aldatu ziotenez eta egoki etortzen zitzaionez, parte hartzea erabaki zuen. Ez zituen sentzazio onak: “Bidaia luzea iruditzen zitzaidan, bero itogarria egingo zuen eta ez nekien zelan erantzungo nuen”, idatzi du bere blogean egindako kronikan.

Igeriketa saioan neurrian ibili ostean, bizikletan atzetik aurrerako bidea hasi eta bigarren kokatu zen. Korrika osatu beharreko 21 kilometroak hasteaz batera, txapelketa irabazteko aukera zuela ikusi zuen. Zirkuitu batek duen abantailetako bat da besteekiko distantziak neurtu daitezkeela triatletak ibilbidean gurutzatzen diren bakoitzean.  Horrela, liderra berak uste baino gertuago zuela ikustean, ehizari ekin zion. Bigarren itzulian lider ipini zen eta postu horri eutsi zion helmugara arte. “Oso pozik eta oso nekatuta dago”, adierazi zuen iurretarrak  helmuga zeharkatu eta berehala.

Urriaren 6an distantzia luzeko triatloien Espainiako txapelketa lehiatuko du Calella-n (Bartzelona). Bera da distantzia horretan gaur egungo Espainiako txapelduna. Orain urte bi ere berak irabazi zuenez, Mugarra Triatloi Taldeko triatleta aurten hirugarren urtez jarraian izendatu daiteke txapeldun distantzia luzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!