"Berez, lasterketak ospakizun moduko bat dira; sufrimendua aurretik dator, entrenamenduan"

Anboto 2013ko ira. 13a, 11:34
Extreme Man zirkuitua lau lasterketek osatzen dute, eta aurreneko hirurak irabazi ditu Gurutze Fradesek. Horrez gainera, bera da distantzia erdiko zein luzeko triatloien Espainiako txapelduna. Eta oraindik ez du goia jo. Lasterketaz lasterketa bere aurreko denborak hobetzen dabil

Extreme Man zirkuitua lau lasterketek osatzen dute, eta aurreneko hirurak irabazi ditu Gurutze Fradesek. Horrez gainera, bera da distantzia erdiko zein luzeko triatloien Espainiako txapelduna. Eta oraindik ez du goia jo. Lasterketaz lasterketa bere aurreko denborak hobetzen dabil.

 

Espero zenuen hiru Extreme Man segidan irabaztea?

Faboritoen artean nengoen, baina faborito izateak ez du ezer esan gura. Lasterketa batean hamaika gauza gertatu daitezke: erorikoak, zulatuak, gorputzaldi txarrak… Beraz, pozik nago.

 

Laster Menorkan jokatuko dena irabaziz gero, lautik lau.

Ez dut parte hartuko. Urriaren 6an Espainiako distantzia luzeko txapelketa dut eta horrelako lasterketa luze baterako prestakuntzak entrenamendu jarraiak eskatzen ditu. Triatloi bat amaitzeak atseden egunak eskatzen ditu ostean, eta horrek jarraian eta sarritan entrenatzeko eskema apurtzen du. Orain, entrenamenduetara mugatuko naiz.

 

Oraintsu distantzia erdiko Espainiako txapelketa irabazi zenuen.

Niretzako distantzia luzeko txapelketa hitzordu garrantzitsuena den moduan, askorentzako distantzia erdiko hura zen, eta beren beregi horretarako prestatu barik nindoanez, estututa joan nintzen. Urteetan izen bat egin dut, eta ez nuen edozelako lasterketa egin gura. Gero, triatloian uste baino hobeto aurkitu nuen nire burua.

 

Calella-ko (Katalunia) distantzia luzekoari begira zer helburu dituzu? Azken urte bietan zuk irabazi duzu.

Nire helburua titulua berritzea da. Iaz 9.52ko denbora egin nuen, eta denbora hori hobetzen badut, primeran, baina ez da behinena.

 

Zelakoa izaten da iron man distantzia baterako prestaketa?

Oso luzea. Astelehenetik domekara goiz eta arratsaldez maiz entrenatu beharra dago. Konstantzia behar da. Horrela hobetzen da sasoia.

 

Sarritan jendea ez da jabetzen triatloiak egiteak zer prestaketa eskatzen duen.

Bai. Berez lasterketa egunak ospakizun antzeko bat dira, egindako lanagaz gozatzeko une bat. Sufrimendu egunak aurrekoak dira, entrenamendu saio horiek. Gaur egun, nire bizimodu osoa triatloietara bideratuta dago. Sarritan, entrenatu ostean beste ezertarako indar barik egoten naiz. Egunero gugaz dabilenak bakarrik ulertzen du gure egoera. Umeek jan eta lo egiten duten moduan, guk entrenatu, elikatu eta lo egiten dugu denboraldiko une askotan. Ohiko errutinatik ateratzeak gorputzari erasaten dio. Ez da ulertzeko erraza, baina horrela da.

 

Elikadura osasuntsuak ere garrantzia handia du.

Horrela da. Esaterako, distantzia luzeko lasterketan kalkulatuta eramaten dut zer jan behar dudan. Bestela ez nabil ondo. Jendeak uste du gutxi jaten dugula, baina nire dietak eguneko 3.500 kaloria ditu. Kaloria horiek gorputzari nola eman da kontua.

 

Azken urte bietan triatleta profesionala zara. Bizimodua asko aldatu zaizu?

Hasieran triatloien mundua joko bat zen niretzat. Apurka bidea egin eta… profesionala naiz! Detailerik txikiena zaindu beharra dago. Esaterako, uztailean lasterketa baten aurreko egunetan bataio elizkizun bat nuen, eta pentsatu nuen: “Ezin dut edozein oinetako eraman, ezin naiz arriskatu”. Lasterketa batera bidean ez dut aire egokiturik ipintzen. Mila detaile dira. Nik barneratuta ditut, baina inguruko jendeari arraro egiten zaio.

 

31 urtegaz zure ibilbidearen zein unetan aurkitzen zara?

Gero eta distantzia luzeagoak eta gero eta denbora hobeekin egiten ditut. Alderdi guztietatik hazten nabil. Lehen Iurretan inork ez zekien triatleta nintzenik, eta gaur, kalean nenbilela, herritar batek denboraldia amaitu dudan galdetu dit. Batez ere, aurten sumatu dut aldaketa hori.

 

Datorren urtean Txinan izango da munduko txapelketa. Baduzu joateko modurik?

Ia seguru, ezin izango dut joan. Babesle indartsu eta antolaketa tekniko egoki barik zaila da.

 

Federazioak ez luke gehiago lagundu behar?

Federazioak ez du baliabiderik eta gogorik distantzia luzean sartzeko. Beste herrialdeetan ez dakit nola, baina talde handiak mugitzen dira, eta baliabideekin. Sasoi batean, distantzia olinpikoan zebiltzanek laguntza gehiago zituzten; orain, horiek ere euren kabuz bilatu behar dituzte baliabideak. Kuriosoa da; triatloian afizioak gora egin du azken urteetan, baina laguntzek behera. Ez dakit zergatik den, baina hori sumatzen dut.

 

Korrika egiteko ohitura sustatzeko iaz ekimen berezi bat abiatu zenuen. Aurten izango du jarraipenik?

Sarritan ez dugu korrika egiteko ohiturarik etxetik irteteak alferra ematen duelako, edo ez dugulako norekin irten. Nire helburua zen hasierako aldietan nigaz batera hasi, eta apurka, parte hartzen zutenen artean taldetxoak sortzea, gero euren kontura jarraitu zezaten. Aurten ere galdetu didate ea zeozer egingo dudan, eta badarabilt zeozer buruan: azarotik apirilera arte iraungo lukeen egutegi bat akaso… forma eman behar diot.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!