'Moroak gara behelaino artean?' liburuagatik eman diote Euskadi saria Joseba Sarrionandia iurretarrari. Saiakeraren atalean lortu du saria, baina, Eusko Jaurlaritzak haren dirua atxikituko du.
Jaurlaritzak esan du Sarrionandiak ez dituela 18.000 euroak jasoko "justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu artean". Jaurlaritzak esan du epaimahaiaren ebazpena "errespetatzen" duela, eta ez duela "zalantzan jarri gura idazlearen literatur balioa". Hala ere, "legea betetzeko, eta terrorismoa irmoki arbuiatzeko daukan konpromisoagazko koherentziaz, traba larriak ditu diruz hornitzen duen saria horrelako pertsona bati eman dakion , hau da, ETA organizazio terroristako kide izateagatik zigortua izan den, kartzelatik ihes egin duen eta 1985az geroztik leku ezezagunean den eta bere militantziaz sekula damurik agertu ez duen pertsona bati".
Pamielak argitaratu zuen iaz Sarrionandiaren Moroak gara behelaino arten? liburua eta Pello Eltzaburu editoreak aurkeztu zuen Euskadi Sarietara. Zazpi urteko lanaren emaitza da eta 700 orrialde ditu. Pedri Hilarion Sarrionandia fraide frantsizkotarraren (Garai, Bizkaia, 1865-Zornotza, 1914) gorabeherak kontatzen dituliburuak hasieran, nobela baten bezala. Kapitalismoa, kultura eta Euskal Herriaren etorkizuna daude ondoren garatuz doan lanaren gogoetagaien artean.
Epaimahaiaren iritziz, "ondo dokumentatutako, garatutako eta egituratutako lan sendoa da". Arrazoitu du "edizio lan handia" duela.
“Sarriren ibilbidean eta euskal literaturan
Joseba Sarrionandiak erbestean sorturiko azkeneko literatur lanen argitalpena irrikaz itxaroten duten irakurleen elkargune izaten den Durangoko Liburu eta Disko Azokaren aurtengo irudiaren aurkezpen egunean, astelehenean, eman zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakitera iurretarrari eman diola 2011ko Euskadi Saria epaimahaiak, saiakera atalean. Pamiela argitaletxeak iazko Azokan aurkeztu zuen Moroak gara behelaino artean? goraipatu egin du epaimahaiak. Durangoko Plateruenak eta Durangaldeko beste hainbat kultur eragilek 2010ean antolatu zuten Zilar Astea lehenengoz, eta literaturzale euskaldunentzat idazle kutunenetarikoa den Joseba Sarrionandiaren poesiari buruz Gotzon Barandiaran idazleak eta beste hainbat artistak Koblakariak behar ditugu ikuskizuna prestatu zuten. Sarrionandiaren saiakera eta olerkigintzari buruzko hainbat ikerketa burutu dituen Gotzon Barandiaranekin jardun dugu Moroak gara behelaino artean? lanaz. “Sarrionandiaren orain arteko kezkak batzen ditu liburu honek”, uste du Larrabetzuko idazleak: “Hizkuntzarekikoa, herrialdeen arteko harremanekin loturikoa, inperialismoari buruzkoa, euskaldunon historiari buruzkoa, euskaldunok historian izan dugun paperari buruzkoa, Euskal Herriak egitura politiko-administratibo eta kultural bezala daukan etorkizunaz...”. Moroak gara behelaino artean? honetan, “lan ikaragarria” egin duela iurretarrak dio Barandiaranek: “Azkeneko 20 urteetan ez dut uste horrelakorik idatzi denik Euskal Herrian: datu bilketa ikaragarria burutu du, itzela da ekarpena”. Zazpirehun orrialdeko liburuaren azkeneko hirurehunak, “gogoetari dagokionez, sumendi bat dira”, azpimarratu du Barandiaranek: “Ni ez naiz hemengoan legez, irakaspenak ematea ez, galderak proposatzea da Sarrionandiak egiten duena, eta gogoeta horiek praktikan aurrera eramaten saiatzea”. Joseba Sarrionandiaren ibilbidean “liburu klabea” dela eta euskal literaturaren historian oso leku garrantzitsua izango duela dio Barandiaranek, “iaz argitaratu zen Koldo Izagirreren Autopsiarako frogak saiakerak moduan, topiko asko apurtu dituztelako”. Oso momentu inportantean etorri dela liburua dio Barandiaranek: “Euskaldun legez erasotuak eta diskurtso bat egituratzeko premian gaudenean”. Azken urteetan saiakera asko eta ondo landu dela Euskal Herrian azpimarratu digu Barandiaranek, eta gogoeta horiek zelan gauzatu zentratu behar genukeela orain. Sarrionandiak berak esana ei da, Barandiaranen berbetan, “sariek ez dutela literaturagaz ezelako zerikusirik”. Euskal literatura zabaldu eta prestijiatzeko bestelako moduak landu beharra ikusten du Barandiaranek.
|