"Satanizatuaren defentsa egin dutenei" eskerrak eman dizkie Sarrionandiak

Anboto 2011ko aza. 24a, 12:16

\'Moroak gara behelaino artean?\' lanagatik Euskadi Literatura Saria jaso du Joseba Sarrionandiak. Eguazteneko sari banaketa ekitaldian Marije Sarrionandia haren arrebak idazle iurretarrak idatzitako gutuna irakurri zuen

‘Moroak gara behelaino artean?’ lanagatik Euskadi Literatura Saria jaso du Joseba Sarrionandiak. Eguazteneko sari banaketa ekitaldian Marije Sarrionandia haren arrebak idazle iurretarrak idatzitako gutuna irakurri zuen.
 

 

Euskadi Literatura Sariek ikusmin handia sortu dute aurten. Eguaztenean, Gasteizko Europa jauregian egindako sari banaketan Joseba Sarrionandiak saiakera arloan Euskadi Literatura Saria jaso zuen Moroak gara behelaino artean? lanarengatik.

\"\"

 

Haren arreba Marije Sarrionandiak jaso zuen saria, idazlearen izenean. Garaikur Ibarrolaren eskultura Blanca Urgell  kultura sailburuaren eskutik jaso eta gero, Sarrionandiaren gutuna irakurri zuen. Idazleak epaimahaikideei eskerrak eman zizkien izandako “ausardiarengatik”, hartutako erabakiak “erreakzioak izango zituela jakin arren, aurrera egin zutelako. Eskerrak eman zizkien, “batez ere, Espainiako prentsan satanizatuaren defentsa egin dutenei, non euskaldunok hainbat alorretan arerioen lurrean bezala ibili behar izaten dugun”.

 

“Gauza eskergabe batzuk” ere aipatzen ditu Sarrionandiak bere gutunean: “Prentsan esan da ez dudala gure herriko politikari buruz idazten, neure defentsan bezala. Baina, Moroak gara behelaino artean? liburuko orrialde guztiak politikari buruzkoak dira. Batez ere, azken hirurehun orrialdeak geure gatazka eta aukerei buruzko hausnarketak dira”.

 

Sarrionandiak bere gutunean dioenez, “nire ume denboretako Don Celesen periodikoa izan da sariaren iskanbilari buruz paperean heldu zaidan bakarra”. Besteren artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Teoria Politikoko irakasle baten artikulua irakurri duela azaltzen du. “Esaten du, gutxi gorabehera, edozein gobernuk bere sokako literatura bultzatzeko obligazioa duela. Hortik atera dailekeen ondorioa da, literaturak berak egiten duela sasoian sasoiko gobernuaren promozio lana, eta ez alderantziz”. Sarrionandiaren ustez, literaturak naturalago azaltzen ditu arazoak eta formulatzen ditu galdekizunak: “Egia zuzenetsiak eta instituzioak promozionatzea besterik da”.

 

Aurrekariak

“Gure etxean, ume ginela, lan handia hartu zuen gure amak gauzak konpontzeko barkatzen jakin behar dela irakasteko, eskua ematen. Gaur ere, urte batzuk beranduago, horretara gatoz”, esanez amaiera eman zion Marije Sarrionandiak sariaren inguruan sortu den iskanbilari. Epaimahaikideei eta “denbora honetan gu babestu gaituztenei” eskerrak eman zizkien, “eman diguten indarrari esker gaude une honetan hemen”.

 

Euskadi Literatura Saria Joseba Sarrionandiari ematea erabaki zutenetik senitartekoek hilabete eta erdiko “ibilbide zaila” izan dutela jakitera eman dute. Urrian Eusko Jaurlaritzak idazleari saria “atxikitzea” erabaki zuen, “saridunak justiziaren aurrean bere egoera erregularizatu arte”.

 

Zazpi saritu

Beste sei saritu izan ziren,atzo. Ur Apalategi idazle eta euskaltzain urgazleak euskarazko literaturako saria jaso zuen, Fikzioaren izterrak (Susa) ipuin bildumagatik. Miren Agur Meabek, berriz, euskarazko haur eta gazte literaturaren arloko saria jaso zuen, Errepidea gazteentzako narrazioarengatik, eta, Iñaki Uriartek gaztelaniazko saiakerako saria jaso zuen, Diarios lanarengatik.

 

Beste alde batetik, Jon Bilbaok gaztelaniazko literaturako saria jaso zuen, Bajo el influjo del cometa liburuagatik; Karlos Zabalari euskarazko literatura itzulpeneko saria eman zioten, Zubi bat Drinaren gainean lanarengatik, eta Iban Barrenetxeak literatur lanaren ilustrazioko saria eskuratu zuen, Bombastica Naturalis lanarekin.

 

 

Marije Sarrionandiak gogoratu duenez, “hasieratik esan dugu legearekin ez duela zorrik, eta hilabete eta erdian ibili dira hori argitzen”. Jon Artatxo familiaren abokatuak Eusko Jaurlaritzak jarrera “arbitrarioa” izan dela salatu du, “ezelako oinarri juridikorik izan barik saria legez kanpo atxikitzearren”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!