Emakumeen Bira, mailarik onenari eutsiz, ekainaren 9tik 12ra

Anboto 2011ko mai. 26a, 10:33

Egoera ekonomikoari aurre egin eta mailari eutsiko dio Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Elkarteak antolatzen duen lasterketak; Iurretan hasi eta Urduñan helmugaratuko da

Egoera ekonomikoari aurre egin eta mailari eutsiko dio Iurretako Emakumeen Bira Ziklismo Elkarteak antolatzen duen lasterketak; Iurretan hasi eta Urduñan helmugaratuko da.

Ikuskizuna agindu dute XXIV. Iurretako Emakumeen Birako antolatzaileek. Txirrindulari onenak, talde eta selekzio sendoak, etapa erakargarriak eta paisaia ederrak: horixe da aurtengo edizioaren errezeta. Eguaztenean egin zuten ekainaren 9tik 12ra jokatuko den lasterketaren aurkezpena, Iurretako udaletxean, antolatzaile eta babesleek.

“Birak mailari eutsiko dio”, adierazi zuen Agus Ruiz antolatzaileak. Baina antolaketa ez dela erraza izan gaineratu zuen, egoera ekonomikoari helduz. Iñaki Totorikaguena Iurretako alkateak eskerrak eman zizkien antolatzaileei, eta “proba hau zein emakumeen kirola babesteko konpromisoa” berretsi zuen. Gainera, “anfitrioiak izateak harrotasuna” ematen diela azaldu zuen.\"\"

Lehia bizia
Azken hiru edizioetako garaileak Iurretako irteeran izango dira: Marianne Vos, Judith Arndt eta Claudia Hausler. Iaz etapak irabazi zituzten Annemiek Van Vleuten eta Nicole Cooke ere garaipenaren bila etorriko dira. 18 talde ariko dira, nor baino nor: Diadora-Pasta Zara, Nederland Bloeit, Lotto edota Fassa Bortolo aipatu daitezke. Hiru etxekoak: Jon Elorriagaren Bizkaia-Panda, Eneritz Iturriagaren Lointek eta Debabarrena-Kirolgi. Azken honetako liderra Leire Olaberria gipuzkoarra da.

Etapak
Lehenengo etapak Iurretan izango ditu hasiera eta amaiera. Arratsaldeko 16:30ean abiatuta, 75,3 kilometro beteko dituzte Zornotzatik pasatu, Larrabetzu eta Morga igaro eta Aretxabalagane igoz, bueltan etorriko dira gero. Bigarrena barikuan izango da, 15:30ean hasita, hau ere Iurretan. Autzagane eta Astorkigane igota, amaiera gogorra izango dute zain, Milloi bi bider igo beharko dute-eta, Lekeitioko muga zapaldu aurretik. 115,6 kilometro guztira, eta aldeak egiteko ibilbide egokia.

Zapatuan bi sektoretan banatuko dute etapa. Lehenengoa Elorriotik Kanpazarrerako kronoigoera izango da, 09:30ean, 7,6 kilometrogaz. Bigarrena, 16:30ean, Deban irten eta amaitukoa da; 81 kilometrotan, Lasturko Txapasta mendatea bi bider igoko dute, eta Kalbario ere bai behin, helmugatik 10 kilometrora, etapa hausteko aukera eskainiz.

Azken etapa klasiko bihurtu dena, Urduña-Urduña izango da. Domeka goizeko 10:30ean ekingo diote 125,7 kilometroko ibilbideari. Hirugarren mailako Garate eta bigarren mailako Barrerilla mendateak azken igoerarako proba izango dira. Urduñako igoerak zein jaitsierak lasterketa erabakitzeko balioko dute. 

http://www.youtube.com/v/g2M10AgfF-4?version=3"><param

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!