Garaiko herritar talde bat kalera irten da Berrizko anbulatorioko "murrizketak" salatzeko

Ekaitz Herrera 2024ko eka. 19a, 15:59

Berrizko osasun zentroko egoerak bertako herritarrei ez ezik, Garaiko bizilagunei ere eragiten die, Berrizkoa delako Osakidetzak haientzat esleituta daukan anbulatorioa. Garaitarrek "kezkaz" bizi dute egoera. Zerbitzua "geroago eta txarragoa" dela diote.

Berriztarrek orain aste batzuk egin zuten eran, orain garaitarrak irten dira protestara. Gaur egun, Berrizko kontsultategian mediku bakarra dago zerbitzua eskaintzen; berez, hiru egon beharko lirateke. Eta egoera horrek, berriztarrei ez ezik, Garaiko bizilagunei ere eragiten die, Berrizkoa delako Osakidetzak haientzat esleituta daukan anbulatorioa. Hori dela eta, garaitar talde batek protesta egin du eguerdi honetan herriko plazan. Euretariko batek ANBOTOri adierazi dionez, herritarrek "kezkaz" bizi dute egoera. "Zerbitzua geroago eta txarragoa" dela diote. "Bada garaitarren bat medikuarenera kontsulta eske joan eta urrirako ipini diotena ordua", kritikatu du bizilagun garaitarrak. 

Gaur egun Garai da kontsultategirik ez daukan Durangaldeko udalerri bakarra. Edozelan ere, Erramun Osa alkatea eta Gotzone Sagardui jarduneko osasun sailburua herriko udaletxean batu ziren otsailean, udalerrian mediku zerbitzua ipintzeko aukerei buruz berba egiteko. Alde biek "lanean segitzeko konpromisoa" hartu zuten eta Sagardui sailburuak "gaia berariaz" aztertuko zuela iragarri zuen. Garaitarrek Berrizko osasun etxera joan behar izaten dute 2015az geroztik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!