OSASUN PUBLIKOA

“Beste herrietako jendeagaz egon gura dugu, erantzun bateratua emateko”

Anboto 2024ko eka. 7a, 09:00

Astelehenero pentsiodunen mugimenduak egiten duen elkarretaratzean, hainbat berriztarrek jakin zuen herriko anbulatorioan hiru mediku izatetik bakarra izatera igaroko zirela maiatzaren 24tik aurrera; data horretatik aurrera, "larritasunak" dituztenak baino ez dituzte artatuko bertan, kartel batek iragartzen zuenaren arabera. Ordutik, Berrizko Pentsiodunen Mugimenduak hainbat mobilizazio antolatu du. Azkena, eguenekoa. Erabakiaren kontrako 1.000 sinadura ere batu dituzte, Osakidetzari eta Arartekoari aurkezteko. Aurrera begira, "beste era bateko mobilizazioak" egiteko aukera ere aztertzen dabiltza. Pentsiodunen Mugimenduko kide diren Jon Barcena Moradillo eta Karmele Arruti Aldapegaz batu da ANBOTO.

Hainbat mobilizazio egin duzue egunotan. Zelan dago egoera?

Jon Barcena: Maiatzaren 20an jakin genuen hilaren 24tik aurrera mediku bakarra egongo zela osasun zentroan. Zentroan bertan ipini zuten kartel batean iragarri zuten, eta 23rako elkarretaratzera eta manifestaziora deitu genuen. Espero baino jende gehiago etorri zen, eta bertako langileak ere irten ziren babesa adieraztera.

Karmele Arruti: Arratsaldeko manifestaziora sindikatuko jendea, feministak, gazteak... joan ziren. Inguruko jende asko etorri zen. Alkateak eta udal gobernuko kideek ez zuten lehenengo mobilizazio horietan parte hartu, baina hurrengoetan bai, gaiak herritarrentzat duen garrantziaz konturatuta. 

J. B.: Osoko bilkurara ere eraman genuen gaia, eta aho batez onartu zen. Udalean bertan ez dakite ezer, ofizialki behintzat. Ni osasungintzako langilea izandakoa naiz, eta orain arte hutsuneak langileen lanaldi baterako kontratuekin betetzen ziren, baina gaur egun ez da hori egiten. 

K. A.: Begira gaur irten den albistea [elkarrizketa martitzenean izan zen]. Hainbat osasun zentro itxiko dute ekainetik aurrera, eta ordutegiak murriztuko dituzte beste askotan. Lehen salbuespen modura abuztuan egiten zena ekainaren 1ean egin dute, eta abisua beranduago esanda. Osakidetzagaz dagoen arazoa ez da Berrizkoa bakarrik. Gainera, gureak ez die berriztarrei eragiten bakarrik, garaitarrei ere eragiten die. Guk ez ditugu hiru mediku hala gura dugulako, ratioek horixe eskatzen dutelako baino.  

Zein da bidea hemendik aurrera?

J. B.: Mediku bakarrak ezin ditu herritar guztiak artatu, deiak hartu eta lan guztia egin, eta erizainak ere lanez gainezka daude. Horregaitik, lehenengo mobilizaziotik ere errespetua eskatu dugu eurekiko. Osakidetzak du arazoa, eta aspalditik jakina zen kontu bat izanda, oraindino gehiago. Martxoan bazekiten beste mediku batek lana utziko zuela ekain inguruan. 

K. A.: Hurrengo pausoa inguruko herrietako kolektiboekin berba egitea izango dela uste dut, esan dugun moduan, arazoa orokorra delako. Hor erabakiko dugu zer egin, astero berdina egiteak ez duelako zentzurik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!