Mediku zerbitzua berreskuratzeko bidea hasi dute Garain

Ekaitz Herrera 2024ko ots. 14a, 12:30

Erramun Osa alkateak eta Gotzone Sagardui osasun sailburuak bilera egin dute Garaiko udaletxean, 2015ean etendako osasun zerbitzua berreskuratzeko asmoz. 

Gaur gaurkoz Garai da Durangalde osoko luze zabalean Osakidetzak kontsultategirik ez duen udalerri bakarra, baina egoera hori atzean gera liteke etorkizunean, udala eta Osasun Saila mediku zerbitzua berreskuratzeko aukerak aztertzen hasi dira-eta gaur bertan. Erramun Osa alkatea eta Gotzone Sagardui osasun sailburua Garaiko udaletxean batu dira 2015ean galdutako mediku zerbitzua berreskuratzeko dauden aukerez berba egiteko. Oraingoz ez dago zerbitzua berrezartzeari buruzko data zehatzik, baina alde biek "lanean segitzeko konpromisoa" hartu dute herriak etorkizunean mediku zerbitzua izan dezan. Garaiko Udalak jakinarazi duenez, Sagardui sailburuak "gaia berariaz aztertzeko konpromisoa" hartu du aurten, eta "konpromiso horri erantzunez" egin dute, hain zuzen ere, gaurko bilera. Era berean, Erramun Osa alkateak gogoratu du joan zen agintaldian hasi zituela mediku zerbitzua berreskuratzen hasteko pausoak. Izurriak, baina, eten egin zituen Osasun Sailagaz hasitako hartu eman haiek, eta "mediku faltak" itxaronaldi hori luzatu duela gaineratu du.

2015etik honako etena

Osakidetzak 2014ko abenduan jakinarazi zion Garaiko Udalari herrian ez zuela mediku zerbitzurik gehiago eskainiko. Momentu hartara arte, Berrizko medikua astean bitan igotzen zen Garaira, herritarrak artatzera. Zerbitzua udaletxeko gela batean eskaintzen zuen. Baina 2015etik hona, garaitarrek Berrizko anbulatoriora joan behar izan dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!