Garai eta Lantziegoko herriak senide dira iazko martxoaren 16az geroztik. Garain ospakizuna egin zuten lotura hori irudikatzeko, eta alkateek hitzarmena sinatu zuten. Urtea beteko da laster gertaera horretatik, eta aurten garaitarrak joango dira Lantziegora, hangoekin ospatzera. Martxoaren 29an ipini dute elkartzeko eguna, eta Garaiko Udala hasi da deialdia zabaltzen. Euren asmoa autobusez joatea da, eta izen-emateko gonbita luzatu diete herritarrei.
Egitaraua Lantziegoko herritarren esku geratuko da, baina senidetza bazkaria egingo dute gutxienez. Horregatik, zerrenda zabaldu du udalak. Hogei euro ordaindu behar dituzte interesdunek, eta bazkaria eta autobusa sartuko dira prezioaren barruan. Gontzal Sarrigoitia alkateak adierazi du martxoaren 14a izango dela izena emateko azken eguna. 946 816 393 telefonora deituta eman ahal da izena.
Dantzatik dator Garairen eta Lantziegoren arteko lotura. Duela 25 urte baino atzerago hasi ziren dantza taldeak harremanetan.