Lantziegoko herriagaz senidetza hitzarmena sinatuko dute bihar

Anboto 2013ko mar. 15a, 08:23

Lantziegotik hainbat herritar etorriko dira Garaira, eta egunpasa egingo dute guztiek batera

Lantziegotik hainbat herritar etorriko dira Garaira, eta egunpasa egingo dute guztiek batera.

 

Garai eta Lantziegoko herrien arteko lotura sendoagoa izango da bihartik aurrera. Herri bietako alkateek senidetza hitzarmena sinatuko dute bihar eguerdian, duela 25 urtetik gora dantza taldeen bitartez hasitako hartu-emana ofizial bihurtu guran. Lantziegotik hainbat herritar etorriko dira Garaira bisitan, eta egunpasa egingo dute guztiek batera.

 

Goizeko 11:00 aldera helduko dira lantziegarrak Garaira. Lehenengo eta behin, hamaiketakoa egingo dute, eta eguraldia ona bada, Etxeitako artea ikustera joango dira gero. Eguerdian, ekitaldia egingo dute frontoiaren ondoan. Bertan, lantziegarrek mahasti landare bi sartuko dituzte, eta garaitarrek arte bat ere bai. Oroigarri bat ipiniko dute, eta alkate biek idatzi bat sinatuko dute, Gontzal Sarrigoitiak aurreratu duenez.

 

Gainera, han batzen diren herritarrek ere edukiko ei dute sinatzeko aukera. 100 lagun bazkaltzen Ekitaldiaren ostean, bazkaria egingo dute frontoian; babajana, hain zuzen ere. Duela aste bi ipini zituzten salgai txartelak, eta Sarrigoitiak adierazi du 100 lagun inguru batuko direla. Bazkalostean, erromeriagaz jarraituko du ospakizunak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!