Igoeraren ondoren, Elorrio futbol taldea Euskal Koparen bila

Anboto 2025ko mai. 29a, 11:40

Elorrioko jokalariak Hirugarren RFEFerako igoera ospatzen.

Elorriok Pauldarrak taldea izango du kontrario bihar Durangoko Tabiran jokatuko den finalerdian.

Durango Euskal Kopako egoitza izango da datozen asteetan. Lehenengo hitzordua asteburu honetan bertan da, emakumeen senior mailako lauko finalagaz, eta eskualdeak ordezkari bat izango du: Elorrio futbol taldea. 

Elorriok Barakaldoko Pauldarrak taldearen kontra jokatuko du lehenengo finalerdia, bihar, 17:00etan, Tabira futbol zelaian. Beste finalerdia Zarautz eta Real Sociedad C taldeen artekoa da. Finala domekan jokatuko da, 12:00etan. Irabazleak Alaves taldea ordezkatuko du Euskal Kopako txapeldun legez.

Elorriok badaki txapelketa hau irabaztea zer den. 2023an Euskal Kopa irabazi zuen, finalean Eibar menderatuta. Gontzal Aranak entrenatutako taldeak denboraldi gogoangarria darama, bere ibilbidean lehenengoz Hirugarren RFEF Mailara igotzea lortu duelako.

Hurrengo asteburu bietan beste final bi lehiatuko dira Durangon: mutilen gazte mailakoa ekainaren 6an eta 8an, eta mutilen kadete mailakoa ekainaren 13an eta 15ean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!