Euskadiko Futbol Federazioak eta Durangoko Udalak iaz hasitako lankidetzari jarraipena emango diote aurten. Bigarren urtez jarraian, Tabira zelaiak Euskal Kopako hiru Lauko Final hartuko ditu: emakumeena eta mutilen gazte nahiz kadete mailakoa.
"Euskal Kopa bezalako ekitaldiak ekartzea harro egoteko modukoa izateaz gain, Durangok kirolaren alde egiten duen apustuaren adibide da, eragile sozial, hezitzaile eta ekonomiko gisa", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak gaurko aurkezpenean. Javier Landeta federazioko presidenteak alde bien arteko hartuemana azpimarratu du: "Espero dut denboran iraungo duela, baita gure kirolaren inguruko beste ekitaldi mota batzuekin ere".
Lauko Finalak maiatzaren 30erik ekainaren 15era
Emakumeen Lauko Finala maiatzeko azken asteburuan jokatuko da: maiatzaren 30ean finalerdiak eta ekainaren 1ean finala. Gazte mailako finalerdiak eta finala ekainaren 6an eta 8an dira, hurrenez hurren. Azkenik, kadete mailako irabazlea ekainaren 13an eta 15ean erabakiko da. Finalerdietako partiduak 17:00etan eta 19:15ean hasiko dira; finalak berriz, 12:00etan.
Iaz Alavesek irabazi zuen emakumeetan, Athleticek gazteetan eta Antiguokok kadeteetan.