Ordiziak Euskal Ligako errugbi finalak hartu zituen zapatuan. Elorrio Rugby Taldeak ordezkari bi izan zituen finaletan —Betsaide Elorrio nagusietan eta Cumenor Elorrio/Arrasate 18 urtez azpikoan— eta biek galdu egin zuten.
Nagusietan Betsaide Elorriok ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu eta 33-37 galdu zuen Universitario Bilbao taldearen kontra. Lehenengo minutuetan bilbotarrena izan zen baloiaren jabetza, baina minutuek aurrera egin ahala Elorriok hartu zuen aginte makila. Markagailuan aurretik heldu zen azken txanpara, baina bilbotarrek bi entsegu lortu zituzten minutu gutxiren barruan eta finala euren aldera eraman zuten. Denboraldia nahi bezala itxi ez arren, Elorriok denboraldi bikaina egin du aurten ere.
18 urtez azpiko Cumenor Elorrio/Arrasate taldeak ere ezin izan zuen garaipena lortu eta Zarautz taldeak jaso zuen irabazlearen garaikurra.