Betsaide Elorriok bigarrenez segidan irabazi dezake Euskal Txapelketa

Joseba Derteano 2024ko mai. 24a, 12:30

Elorrio Rugby Taldeko jokalariak aurten, Durango Rugby Taldearen kontra jokaturiko derbian. Pedro Moreno

Betsaide Elorriok Euskal Txapelketako finala jokatuko du asteburuan, Ordizian. Bigarren urtez segidan irabaziz gero, Euskal Ligako talderik onena bihurtuko litzateke berriro. Zapatu eguerdian jokatuko du finala, Ordiziako errugbi zelaian, eta Universitario Bilbao taldea izango du aurrez aurre. 

Betsaide Elorriok partidu guztiak irabazi zituen iaz. Finalean, 24-19 hartu zuen mendean Eibar. Aurtengo bidea antzerakoa izan da. Partidu bakarra galdu du eta hamabost irabazi ditu. Unibersitario Bilbaok, ostera, zazpi partidu galdu ditu ligan. Datuei ikuspuntu horretatik begiratuz gero, Elorrio da faborito, baina datuak beste ikuspuntu batetik ere aztertu daitezke: Elorriok aurten jaso duen porrot bakarra Universitario Bilbao taldearen kontrakoa izan da. Horiek horrela, final "gatxa" ez ezik "entretenigarria" ere izango dela uste du Nico Martinez elorriarren entrenatzaileak. "Talde biak ordenatuak eta dinamikoak gara", esan du. 

Gazteek ere finala
Talde nagusiak ez ezik, 18 urtez azpikoak ere finala jokatuko du Ordizian. Cumenor Elorrio/Arrasate taldeak Zarautz taldea izango du aurkari. Partidua 11:40an hasiko da. Elorriotik autobusa antolatu dute talde biak animatzera joateko. Beraz, elorriarrei ez zaie zaleen hausporik faltako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!