Betsaide Elorrioko gizonak eta Durango Rugby Taldeko emakumeak, irabazteaz aspertzen ez diren taldeak

Joseba Derteano 2023ko abe. 15a, 10:30

Goian, Besaide Elorrio gizonen taldea. Behean, DRTko emakumeen talde nagusia. (Argazkia: Pedro Moreno)

Talde biak Euskal Ligan dabiltza. Elorrio liderrak txapeldun geratu gura du, iazko moduan. DRTk orain arteko zazpi partiduak irabazi ditu, gehienak alde handiagaz

Betsaide Elorrioko gizonek eta DRTko emakumeek 2023ko azken partidua jokatuko dute zapatuan. Emaitzak ez dio denboraldiko balorazioari eragingo. Irabazi zein galdu, 2023a urte gogoangarria izan da talde bientzat.

Betsaide Elorrio Euskal Ligako txapeldun geratu zen iaz, eta aurten bide berdina darama. Jokaturiko zortzi partiduetatik zazpi irabazi ditu eta lider dago. Bihar, 15:30ean, Atletico San Sebastian hartuko dute etxean.

Nico Martinez argentinarrak Getxoko talde nagusia entrenatzera joan den Kemen Goitiandia ordezkatu du aulkian, baina entrenatzaile aldaketak ez dio taldearen errendimenduari eragin. "Jokalari asko lagun talde berekoak dira eta, zintzoki, horrek eragiten du. Taldera batu eta hain giro ona aurkitzea abantaila bat da niretzat", adierazi du Martinezek. 36 urteko entrenatzaile argentinarrak bere sasoian zortzi urte eman zituen Ohorezko Mailan, Gernika Rugby Taldean. Menorcatik (Balear Uharteak)  Elorriora etorri da bizitzen, klubeko eskaintza onartuta.

DRTren "gozamena"
DRTko emakumeak ere bikain dabiltza. Jokaturiko dena irabazi dute, ia beti alde handiagaz. Datuak hauek dira: zazpi jardunalditan 399 puntu lortu dituzte, 57 partiduko, batez beste; aldiz, 34 puntu baino ez dituzte jaso, partiduko sei baino gutxiago, batez beste.

Iaztik hona jokalari kopurua bikoiztu egin dute, 30era heldu arte. Beharbada iazko denboraldi bikaina eskaparate ona izango zen taldeagazko interesa pizteko. Kontua da beste kirol batzuetan zebiltzan zenbait emakumek errugbia probatzea erabaki dutela. Beraz, talde zabala dute eta emaitzak bikainak dira. "Aurtengo denboraldia gozamena izaten ari da", dio Sabin Goiti entrenatzaileak.

Bihar Sarako Izarrak taldearen zelaian jokatuko dute. Uribarri Barrutieta taldeko jokalari eta erreferenteetariko batentzat denboraldiko azken neurketa izango da. Beka bati eskerrak, Italiara doa urtarrilean, sei hilabeterako, gorputz hezkuntzaren arloan lan egitera. "Pena" ematen dio "hain giro ona" dagoen taldea uzteak, baina "seguruenik" taldera bueltatuko dela dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!