Gontzal Murgoitiok kilometro bertikalen Espainiako txapelketa irabazi du promesen mailan

Anboto 2023ko ira. 19a, 14:00

Gontzal Murgoitio joan zen asteburuko podiumean.

Orain asteburu bi Sorginen Lasterketa irabazi eta gero, sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin.

Gontzal Murgoitiok (Elorrio, 2001) mendi lasterketen Espainiako txapelketa irabazi zuen iaz. Aurten ezin izan du modalitate horretara aurkeztu lesio baten ondorioz. Behin errekuperatuta, jokatzeke zegoen azken txapelketan parte hartzea erabaki zuen, kilometro bertikalenean, eta kasu honetan ere txapeldun geratu da, promesen mailan. Argi dago 'Gustuko tokian, aldaparik ez' esaera beste inori baino hobeto egokitzen zaiola elorriarrari. "Egia esan azken aldian oso ondo entrenatzen nabil eta lasterketetara konfiantza dezenterekin joaten naiz", onartu du.

Lasterketa joan zen domekan lehiatu zen, Villanuan (Aragoi). Bazekien sasoian zegoela eta aurrean egoteko aukerak ikusten zizkion bere buruari. Horregatik ez zen estutu aurkari batzuk ziztu bizian irten zirenean eta ihes egin zutenean. "Nik nire erritmoa hartu nuen eta indarrak neurtu nituen". Estrategia ezinhobeto irten zitzaion eta bigarren kilometrorako lider zegoen. Ordutik aurrera bakarrik egin zuen helmugara arteko bidea. 

Sorginen Lasterketako garaipena

Orain asteburu bi, Murgoitiok Sorginen Lasterketa irabazi zuen bere ibilbidean hirugarren bider. Nagusitasunez gailendu zen [2.04.20] eta hamar minututik gorako aldea atera zion Iñigo Pradera bigarrenari. Hala ere, eroriko batengatik izan ez balitz, denbora hobea lortuko zuela uste du. "Iazko denbora erreferentzia moduan hartuta [1.58.54], sei minutu gehiago egin nituen eta denbora hori hobetzera irten nintzen. Lehenengo igoeran oso ondo aurkitu nintzen eta errekorra egingo nuela uste nuen, baina jaitsieran erori egin nintzen eta min hartu nuen belaunean. Gertaera horrengatik eta beroagatik, lasterketatik irten nintzen apur bat eta Anboto puntara heldu nintzenerako errekorretik kanpora nengoen".

Zapatuan, Aldapegora lasterketa

Bere hurrengo hitzordua Elorrioko Aldapegora lasterketa berria izango da. "Elorrioko mendietan hasi nintzen korrika, elorriarra naiz eta ahal den moduan lagundu gura diet. Makina bat lekutara joan naiz korrika egitera eta beti pena eman dit herrian lasterketarik ez egoteak. Eta orain Aldapegora sortuta, bertan egon gura dut, gutxienez, lehenengo aldian. Herrian bertan lasterketa bat izatea berezia da", adierazi du.

Horren ostean, urriaren 7an, Gironako (Katalunia) Olla de Nuria proban parte hartuko du eta Golden Trail World Series-eko finalera sailkatzea izango du helburu. Azken proba hori Italian izango da, urriaren 22an.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!