Gontzal Murgoitiok eta Onditz Iturbek irabazi dute Sorginen Lasterketa eta errekorrak hobetu dituzte

Joseba Derteano 2022ko ira. 17a, 11:39
Gontzal Murgoitio helmugara heldu den unea (Argazkia: Maialen Zuazubiskar)

Murgoitiok bigarren bider irabazi du lasterketa eta errekorra lau bat minutuan hobetu du. Iturbek ere 15 minutuan hobetu du emakumeen errekorra.

Sorginen Lasterketaren 15.aldia Gontzal Murgoitiok eta Onditz Iturbek irabazi dute eta eurak dira aurtengo Euskal Herriko txapeldunak.

Gizonetan Murgoitiok eta Imanol Goni natxituarrak lehia estua mantendu dute Anboto igo arte. Jaitsieran elorriarrak aurrera jo du eta bakarrik helmugaratu da. Imanol Goni bigarren izan da (2.00.42) eta Hassan Ait-ek osatu du podiuma (2.03.29). Murgoitiok bigarren bider irabazi du Sorginen Lasterketa. 2020an ere bera nagusitu zen. Gainera, orain arteko errekorra lau bat minutuan hobetu du. Bere gaurko denbora honako hau izan da: 1.58.54.

"Nire asmoa Arrazolara arte neure burua zelan dagoen ikustea zen. Anboto jaitsiera ondo ezagutzen dut eta orduan arriskatu dut. Pol-poletik Artolara ere oso ondo aurkitu naiz. Azken tartean, berriz, asko sufritu dut", adierazi du Murgoitiok amaieran.

Emakumeetan nagusitasunez gailendu da Onditz Iturbe. Seigarren kilometrora arte lanak eman dizkio Ainara Urrutiak, aurretik ere izan da momentu batean, baina lasterketa buruan jarri denetik aurrera Iturbe atzekoekiko denbora areagotzen joan da apurka. Helmugan honako hau izan da bere denbora: 2.20.45. Emakumeetan orain arte zegoen denbora onena 15 bat minutuan hobetu du. Ainara Urrutia geratu da bigarren (2.24.41) eta Ainara Uribarri hirugarren (2.29.22). Urrutiak eta Uribarrik ere aurten arte zegoen denborarik onena hobetu dute. Sekulako maila erakutsi dute hirurek.

Durangaldeko hainbat korrikalari geratu da 20 onenen artean. Emakumeetan Leire Uribe otxandiarra 12. tokian sailkatu da (3.02.12); Jone  Alas abadiñarra 14. postuan (3.07.22); Olatz Aizpitarte elorriara 16. postuan (3.08.25) eta Ainara Arkarazo abadiñarra 17. postuan (3.09.53). Gizonetan Markel Urigoitia otxandiarra zazpigarren postuan geratu da (2.06.30) eta David Rua elorriara 15. postuan (2.12.17).

Taldeka sailkapen berdina eman da gizonetan nahiz emakumeetan: Aiaramendi lehenengo, Gaikar zortzietakoak bigarren eta Camp Base hirugarren.

Sailkapen guztiak LOTURA HONETAN begiratu daitezke.

Onditz Iturbe helmugara heldu den unea.

Lehenengo hiru emakumeak helmugan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!