Peru Irazola, pilotu ez-profesionalik onena izan da Palentzian, munduko txapelketako proban

Anboto 2021ko urr. 5a, 14:00
Peru Irazola Palentziako probako une batean.

 "Nire ibilbidean orain arte lortu dudan posturik onena da", adierazi du.

Peru Irazola Arbuluk (Elorrio, 1994) munduko hard enduro txapelketako hiru probatan parte hartu gura zuen aurten. Ekaineko lehenengoa, Austrian, bertan behera geratu zen COVIDaren eraginez. Uztaileko bigarrenean, Italian, erori egin zen eta atzamar bat apurtu zuen. Ondorioz, bala bakarra geratzen zitzaion errekamaran: Aguilar de Campoo-ko (Palentzia) hitzordua, joan zen asteburuan. Eta ezinhobeto aprobetxatu zuen: 16. tokian amaitu zuen eta pilotu ez-profesionalik onena izan zen, lehenengo euskalduna izateaz gainera. Bere aurretik geratu ziren denak kirol horretarako profesionalak dira.

Zapatuko lasterketan domekarako irteera ordena erabaki zen. Irazolak 19. amaitu zuen eta postu horretan irten zen hurrengo egunean. "Trankil hasi nintzen, buruagaz, banekielako luze egingo zela [ordu bi eta erdiko proba zen]. Apurka-apurka jendea aurreratzen joan nintzen, azkenean16. postua lortu arte", gogoratu du. "Oso pozik" dago emaitzarekin. "Nire ibilbidean orain arte lortu dudan posturik onena izan da", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!