“Posible dudan heinean, Munduko Txapelketa osoa egin gura nuke”

Maialen Zuazubiskar 2019ko urr. 18a, 14:00

Peru Irazola 17 urtegaz hasi zen motorrean ibiltzen, osabak oparitutako Pitbike batean. Baina bere afizioa oraintsu hartu du serio, eta asteburuan Elgoibarren jokatutako Espainiako Enduro Txapelketan laugarren postua lortu du. 

Asteburuan laugarren izan zara Espainiako Enduro Txapelketan. Pozik zaude lortutakoagaz?
Egia esanda, bai. Espero baino hobeto ibili nintzen eta, gainera, gustura aritu nintzen motorrean. Beraz, pozik nago lortutakoagaz.

Beraz, itxaroten zenuena baino emaitza hobea lortu duzu.
Azken hilabetean geldi egon naiz. Eskumuturreko mina izan dut eta lesionatuta egon naiz. Gainera, joan zen asteko martitzenera arte ez nuen jakin lehiatzeko moduan egongo nintzen ala ez. Baina, azkenean, medikuak baimena eman zidan. Lasterketa hasieran kontu handiagaz irten nuen. Beldur nintzen ea eskumuturrak nola erantzungo zuen.

Hala ere, izan zenituzten proba bietan sasoi onean zaudela erakutsi zenuen.
Goizean, hiru orduko proba bat izan genuen. Proba horretako emaitzen araberakoa zen arratsaldeko irteera ordena, eta zazpigarren postua lortu nuen. Arratsaldeko proba ordu bi eta erdikoa izan zen. Goizean, oso gustura sentitu nintzen, baina arratsaldera nekatuta heltzearen ardura nuen. Hala ere, oso ondo heldu nintzen eta gustura amaitu nuen.

Podiumetik hain hurbil gelditzeak amorrua ematen du?
Azken itzulian, lehia estua izan nuen hirugarrenagaz. Baina hilabeteko geldidaldia igarri nuen, eta puntutxo bat falta zitzaidan. Baina, orokorrean, pozik nago lortutakoagaz.

Denboraldiaren nolako balorazioa egiten duzu?
Ez nuen denboraldia oso ondo hasi, pelbisa apurtu nuen-eta. Baina, apurka-apurka, sasoia hartzen hasi nintzen eta postu onak egitea lortu dut. Esaterako, Aguilar De Campoon (Palentzia) jokatutako Munduko Txapelketan 24. postua lortu nuen, orain arte lortu dudan posturik onena. Orokorrean, balorazioa positiboa da.

Eta ze asmo daukazu datorren denboraldirako?
Datorren denboraldian, posible dudan heinean, Munduko Txapelketa osoa egin gura nuke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!