Zortzi kanta biltzen dituen Gogoz astindu diskoa labetik atera berri, herriko jaietako txosnagunean kontzertua eskainiko du Pixontxisek. Gaur, 23:00etatik aurrera ariko da txosnagunean. Taldekideek aurreratu dutenez, disko berriko kantak, maketako zenbait abesti, eta gerora sortutako kantaren batzuk ere joko dituzte. Tartean, esan dutenez, zuzenean lehenengoz joko duten bat ere bai.
Gogotsu daude herriko jaietako emanaldi horri begira Pixontxiseko taldekideak, nahiz eta horrelako leku batean jotzeak tentsioa ugaritzen duela ere aitortu duten. Duela sei urte taldea sortu zutenean hartu zuten bidetik, punk-rocka oinarri hartuta jarraitzen dute, eta disko berrian ere nabaria da betidanik gogoko izan dituzten Brigada Criminal, Oliba Gorriak, Iheskide, Deskontrol, Ramones, edota Rancid taldeen eragina.
Taldekideen berbetan, disko berriko kantetan melodia oso landuak eta soinu distortsionatuak dira nagusi, eta letrak, aldiz, euskal gatazkaren eta egungo gizarte ustelduaren inguruko letra ironikoak direla azaldu dute musikari gazteek.
Hamabost urtegaz, lagunartean eta instrumenturik jotzen jakin barik sortu zuten Pixontxis. Gaur egun, Liher Larrañagak gitarran eta ahotsean, Paul Urigoitiak gitarran eta koruetan, Julen Hernandok baxuan eta koruetan eta Lander Amorrortuk baterian osatzen dute Elorrioko taldea.
Taldekideen esanetan, lan handia eta denbora luzea eman dute disko berria prestatzen. Lagun musikari eta herrikide baten laguntza izan dute: Iheskideko Xagurena, hain zuzen. “Asko lagundu digu diskoaren soinua definitzen”, azpimarratu dute Pixontxisekoek. Hain justu, Iheskidek ere kontzertua eskainiko du Ferixa Nausikoetan, datorren asteburuan.
Hamarkada bat, Iheskide
Ihesbide izenagaz kantak sortzen hasi zirela hamarkada bete dela ospatzeko, bira bereziaren erdian daude Iheskide taldekoak. Beste bateria-jotzaile bategaz ekin zioten uztailean Borrokak darrai disko berriaren aurkezpen birari: “Hamar urtez gurekin ibili eta gero kide batek taldea uzten duenean une zaila izaten da, baina orain, trantsizio fase zailaren ostean, oso gustura gabiltza”, adierazi du Gaizka Jareño taldekideak.
Sei kontzertu eskaini dituzte uda honetan Kruders taldean ere aritzen den bateria-jotzaile berriagaz, eta irailaren 13an, 23:00etan, Elorrioko txosnagunean joko dute.
Euren herriko kontzertu horretan disko berriko hainbat kanta eta aurreko diskoetakoak tartekatzeko asmoa daukatela aurreratu du Iheskideko kideak. Sarritan jo dute bertan, “baina Elorrion jotzea beti da berezia”, azpimarratu du. “Beti saiatzen gara herriari begira zerbait ezberdina egiten”. Gogoratu du, duela zazpi urte inguru jo zutela euren herriko jaietan txosnaguneko oholtzatik lehenengoz, Soziedad Alkoholikaren aurretik, hain zuzen: “Handi egiten zitzaigun eszenatokia bera, eta gure herrian aritzea oso berezia zen. Nerbio itzelak pasatu genituen”.
Lehenengoz etxean, Han
Han taldea lehenengoz ariko da, irailaren 12an, herrikideen aurrean. Elorrioko gaztetxean joko du laukoteak, 23:00etan. Han izeneko proiektu berriagaz Elorrion jotzen duten lehenengo aldia izango da Haneko lau musikarientzat. Baina Non Demontre, Mokaua, Ama Say, Tunnel483 eta Las Ratas taldeetan aritutakoak dira duela bi urte Han sortu zuten Karlos Gomez eta Gorka Molero, eta laukotea osatzeko batu zitzaizkien Nere Lersundi eta Miguel León.
Baxua, gitarra, bateria eta Nere Lersundiren ahotsa elkartu dira Han izeneko proiektuan, besteak beste, “zuzenekoetan ondo pasatzea” helburu hartuta. Nahasketa horretatik sortu dute hainbat estilotako hamar abestiko errepertorioa.
Sortzen duten musikaren ezaugarririk nabarmenena zein den galdetuta, eurena “musika biribila” dela erantzun dute taldekideek. Bestalde, kantuetako letrei dagokienez, zelako gaiei buruz idatzi sekula ez dutela “oso argi” eduki, baina emaitza “kantu-ipuin ulerterrazak” direla diote.
Durangaldeko Ghetto taldeagaz Berrizko gaztetxean eskaini zuten lehenengo kontzertua. Elorrioko emanaldiaren ostean, Oñatiko jaietan, irailaren 27an, eta Tolosan eta Durangon, urrian, lotu dituzte zuzenekorako hitzorduak Han taldekoek.