Elorrioko jaiak

Jose Ramon Lazkano: "Feria eta danborrada ekitaldi bereziak dira Ferixa Nausikoetan"

Anboto 2014ko ira. 6a, 09:20

Jaietako saltsa guztietan sartuta dabil Jose Ramon Lazkano. Iturrizoro elkartearteko kideak danborradako kideei afaria emango die gaur. Sukalki Egunean ere mikrofonoa eskuan ibiliko da. Gazteenek, baina, ez dute bere DJ bizitza ezagutu. Jolas Leku dantzalekuan egin zuen lan urte askoan.

Jaietarako prest?
Bai. Baina azken momentuan beti falta izaten da zer edo zer, eta arineketan hasten gara.

Jaietan zer duzu gustukoen?
Feria bera gustuko dut. Gainera, 1983. urtean Valentin Altuberi eta bioi azoka berreskuratzea bururatu zitzaigun, beraz, berezia da. Urte horretan abereena bakarrik izan zen. Danborrada ere berezia da, sorreran ibili nintzelako. Orain danborradako 120 parte-hartzaileentzako afaria prestatzen aritzen naiz.

Danborradan parte hartzen zenuenean, zein paper zenuen?
Napoleon zuzendaria izan naiz. Baina, behin, mendian zer edo zerk ziztatu zidan, eta, infekzio baten ondorioz, hankak handitu zitzaizkidan. Hamar-hamabi egun egin nituen ospitalean. Orduan alkatea Jose Mari [Fernandez de Arroiabe] zen, eta bisitan etorri zitzaidan. Esan nion horrela ezingo nituela bota luzeak jantzi. Udaletxeko balkoitik ikusi behar izan nuen danborrada.

Sukalki Egunean antolatzaile lanetan ibiltzen zara.
Iturrizoro elkartearteak antolatzen du ekitaldi hori. Eguraldiaren araberako arrakasta izaten du, baina 2.000 lagun inguru batzen gara Aldatsekuan. 110-120 kazola aurkezten dituzte.

Hainbeste parte-hartzaileren artean irabazlea aukeratzea ez da erraza izango.
Hamabi lagun inguruk osatzen dute epaimahaia. Sukaldari izandakoak, elkartekoak eta EHUko sukaldaritzako irakasleak izaten dira. Normalean, ea dena ondo eginda dagoen eta ea dena jangarria den begiratzen dute. Dekorazioa badu ere, dena jangarria izan behar da. Beraz, dena puntuan dagoen ikusten dute.  
 
Elkarte gastronomikoek tradizio handia dute Elorrion.
Bai, eta elkarteak batzen dituen Iturrizoro elkarteartea ere badugu. Bost elkarte gara. Lau hirigunean gaude, eta bosgarrena  Gazetakoa da. Ekintza sozialak eta kulturalak antolatzeko batzen gara elkarteartean. Batetik, programazio propioa dugu, eta, bestetik, kolaborazioak egiten ditugu udalagaz eta beste elkarte batzuekin.

Gastronomia alde batera utzita, urte askoan, musika arloan, DJ ezaguna izan zara Durangaldean.
Jolasleku diskoteka zuk ez zenuen ezagutuko, baina bere sasoian estatuko onenetakoa zela esaten zuten. Hiru etapa izan zituen. Hasieran, ikuskizunak eskaintzen ziren. Gero, jatetxea zabaldu zuten. Eta ezkontzak ere egiten ziren. 200-300 ezkontzatan jarriko nuen musika.

Zelan gogoratzen dituzu urte haiek?
Nik Jolaslekuren urte onenak bizi izan nituen, 1970ean hasi nintzelako bertan lanean, 2.000. urtera arte. Artista onenak pasatu ziren bertatik.

Zein talde joaten ziren?
Sasoi hartan ezagunak zirenak: Los Bravos, Los Canarios, Mocedades, Cristina, Janet, Machin, Los Tres Sudamericanos...

Kontzerturen bat bereziki gogoratzen duzu?
Gogoan dut Kubako talde bat aste osorako etorri zela. Hamasei inguru ziren, eta puruekin ibili ziren herrian. Bestetik, inauguraziora Los Canarios taldea etorri zen, eta zarata itzela atera zuten. Jendea ohitu barik zegoen bolumen horretara.

Zelan aukeratzen zenuen musika?
Ordu erdi bat musika dantzagarria izaten zen, eta gero agarrau eran dantza egiteko musika. Neskak dantzan egitera atera gura izaten zituzten, eta zerbaitek huts egiten bazuen, Jose Ramonena zen errua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!