Elorrioko jaiak

Ferixa Nausikoekin, hamar eguneko jai luzea hasiko da gaur

Anboto 2014ko ira. 5a, 10:10

Prest daude zapiak, mozorroak, kuadrilletako kamisetak... Ofizialki bihar hasiko dira Ferixa Nausikoak, baina gaurtik aurrera festa giroan murgilduko dira elorriarrak. Aukeren Azoka eta Gazte Eguna dira gaurko eskaintza nagusiak. Hamar eguneko jai luzea dute aurretik.


Aukeren Azoka eta Gazte Eguna dira gaurko eskaintza nagusiak. Egun osoan egongo da azoka, eta, nobedade lez, postu batean trukea egin ahalko da. Gazteak, bestalde, bazkaritara batuko dira txosnagunean. Gainera, tailerrak egiteko aukera ere edukiko dute. Gauez musika etorriko da txosnagunera; 23:00etan Elorrioko Pixontxis taldeak kontzertua eskainiko du, eta, ostean, South Central DJ ingelesak igoko dira agertokira.

Bihar, urtero lez, udaletxe aurrean elkartuko dira herritarrak jaiari hasiera ofiziala emateko. 20:00etan ipini dute hitzordua, eta Gazetako kofradiakoak izango dira txupinazoa botatzeko arduradunak. Izan ere, 400 urte dira auzotarrak kofradian batu zirenetik. Jaiak lehertu ondoren, zita garrantzitsua izango da 23:00etan, ohiko danborrada izango dute eta. Umeen danborradaren txanda, ostera, etzi izango da, 19:00etan.

Hain zuzen ere, etzi ospatuko da jaiari izena ematen dion ekimena, feria. 10:00etatik aurrera abereen eta nekazaritza produktuen erakusketa eskainiko dute Aldatsekuan, eta, herritarrez gainera, inguruetako baserritar eta feriazale ugari batuko ditu.

Izenaz aparte, izana ere badaukate Elorrioko jaiek. Herritarren parte-hartzea da festaren esentzia nagusia, eta astelehenean igarriko da hori Kuadrillen Egunean. Lagunak eta gastronomia, hurrengo zapatuko Sukalki Egunean agertuko den  jairako errezeta berbera.

Prest daude elorriarrak, berdin mahai bueltan zein kalean, euren herriko jaiaz gozatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!