Nerea Landaburu kofradiako kideak adierazi du 400 urte betetzea garrantzitsua dela eurentzat, eta hori herri guztiagaz partekatzeko aukera izango dutela. Gazetako kofradiaren estatutuak idatzi zirenetik 400 urte igaro diren arren, auzokideek aurretik ere funtzionatzen zuten kofradia moduan, Landabururen berbetan. Sasoi hartan kofradia auzoa antolatzeko modu bat zen. “Gauza asko auzoan bertan konpontzen ziren. Gainera, auzolana sustatzeko ere balio zuen”. Baina, 1968an, elkarte gastronomikoa sortu zenean, kofradiaren jardunean aldaketa handia gertatu zen. Hala ere, auzokideek diotenez, auzolanaren espirituak hortxe jarraitzen du. Nerea Landaburu iaz arte izan da kofradiako presidentea. Orain, aldiz, bere osaba Patxi Landabururi pasatu dio lekukoa. Urteurreneko ospakizunekin lanpetuta ibili dira orain arte.