Greba orokorra: etxebizitza eskubidea

[BIDEOA] Etxebizitza eskubidea bermatzea aldarrikatu dute Durangoko manifestazioan

J.D.

Greba egunari amaiera emateko, arratsaldean manifestazioak egin dituzte Durangon, Zornotzan eta Elorrion. Durangaldeko beste herri batzuetan ere kontzentrazioak egin dira, eta ondoren Durangoko manifestaziora batzeko deia egin dute.

Durangoko mobilizazioa Landako Gunearen ondotik abiatu da, eta herriko hainbat kale zeharkatu ondoren, Santa Ana plazan amaitu dute ibilbidea. Manifestazioan etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako leloak entzun dira, besteak beste, "Etxeak bizitzeko eta ez espekulatzeko".

Amaieran, manifestariek adierazpen bat irakurri dute. "Prezioek gora egin dute. Bizitegi erabilerarako etxebizitzen kopurua murrizten ari den bitartean etxegabetzeak ugaritzen ari dira eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonei zuzendutako baliabideak murrizten. Arrakala sozioekonomikoa zabaltzen ari da gure gizartean. Arrakala horretatik sartu nahi dute faxismoak eta diskurtso erreakzionarioek, azken aurrekoa azkenaren aurka jarriz, baina guk ez dugu hori onartuko", adierazi dute, besteak beste.

Etxebizitzaren krisiaren erantzukizuna "espekulatzaileen eta errentisten negozioetan" kokatu dute. Horren aurrean, "langileen antolakuntza kolektiboa eta klase borroka indartzeko beharra" aldarrikatu dute, "kapitalaren eta patronalaren interesekin konfrontatzeko" deia eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!