Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazio jendetsuak egin eta gero, Durangaldeko grebalariak eskualdeko herrietan mobilizatu dira: manifestazio bana egin dute Elorrion, Durangon eta Zornotzan. Manifestariek etxebizitzaren arazoari heltzeko eskatu diete patronalari eta instituzio publikoei, euren berbetan "etxebizitza bihurtu delako langileak pobretzeko arrazoi nagusi". Alde horretatik, neurri zehatzak eskatu dituzte auzi hori konpontzeko: "botere publikoek merkatuan esku hartzea eta etxebizitzen prezioak jaistea, alokairu kontratu mugagabeak ahalbidetzea, etxegabetzeak amaitzea, eta funts putreak desjabetzea eta Euskal Herritik kanporatzea", besteak beste. Etxebizitzari loturiko neurriez aparte, beharrari loturiko beste hainbat ere plazaratu dute: "Lan prekarioekin amaitzea, soldatak hobetzea, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa izatea eta zaintza-lanak aitortzea".
2020tik hona, Hego Euskal Herriko bosgarren greba orokorra da izan da gaurkoa. Antolatzaileen berbetan, "arrakastatsua" izan da jardunaldia. Eguerdi parterako "200.000 bat herritarrek" egin dute bat mobilizazio nagusiekin, Bilboko, Gasteizko, Donostiako, Iruñeko, Eibarko eta Tuterako manifestazioetan.