GREBA OROKORRA

[BIDEOA]: Autopistako sarbideetaraino eraman dituzte etxebizitza eskubidearen aldarrikapenak

Ekaitz Herrera

Egunsenti honetan, piketeek martxa geldoak egin dituzte Durangaldeko errepideetan eta industrialdeetan. Mobilizaziorik jendetsuenetako bat Iurretakoa izan da. Grebalariek N-634 errepidea hartu dute Ibarretxe liburutegiaren parean, eta oinez, mantso, egin dute AP-8 atarirako bidea. Oihu eta pankarta artean ailegatu dira ordainlekuetako biribilgunera, Etxebizitza eskubidea! aldarrikatuta. 

Azaroak 11 ditu, eta Hego Euskal Herrian etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra dago deituta. Durangaldean, eguneko lehen ordutik hasi da horren eragina igartzen: hainbat udalerritako greba komiteek ekintzak antolatu dituzte egunsentian. Martxa geldoak egin dituzte errepideetan eta industrialdeetan. Besteak beste, Zaldibarren, Zornotzan, Elorrion, Berrizen eta Iurretan. Azken horretakoa izan da, hain zuzen ere, mobilizaziorik jendetsuenetako bat. Piketeek N-634 errepidea hartu dute Ibarretxe liburutegiaren parean, eta oinez, mantso, egin dute AP-8 atarirako bidea. Oihu eta pankarta artean ailegatu dira ordainlekuetako biribilgunera, Etxebizitza eskubidea! oihukatuta.  Deialdi hori LAB sindikatuak antolatu du, eta Iurretakoez gainera, bertan parte hartu dute Durangoko, Abadiñoko, Izurtzako, Mañariko zein Atxondoko piketeek. Sindikatu horren esanetan "200 bat lagun" batu dira mobilizazioan.

Martin Arbeo LAB sindikatuko kidea da, eta bera izan da Iurretako martxa geldoan parte hartu duen grebalarietako bat. Bere berbetan, "ezinbestekoa" da gaurko lanuztea: "Etxebizitza eskubidearen aldeko greba da gaurkoa. Prekarietateari aurre egin eta guztiok pobretzen gaituen etxebizitza prezioei aurre egitekoa, etxebizitza eskubidea defendatzekoa eta aldarrikatzekoa", adierazi du. 

Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitu dute lanuztera, baita Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ere. CCOO, UGT eta CGT sindikatuek Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatu osoan egin dute lanuzte orokorrerako deialdia. Etxebizitzaren arazoa "langileria pobretzeko arrazoi nagusietariko bat" bihurtu dela diote, eta, ildo horretan, "errentismoa eta negozioa amaitzeko egiturazko neurriak" eskatu dizkiete patronalari eta instituzio publikoei: alokairu kontratu mugagabeak ahalbidetzea, etxebizitzen prezioak jaistea eta merkatuan esku hartzea, etxegabetzeak amaitzea, eta funts putreak desjabetzea eta Euskal Herritik kanporatzea.

Mobilizazio gehiago

Goizeko martxa geldoak amaituta, grebalariek Bilbon batuko dituzte indarrak. 11:30ean hiru manifestazio-zutabe abiatuko dira Zabalburutik, Guggenheimetik eta udaletxetik. Ondoren, Arriagako plazan bat egingo dute, eta manifestazio bateratua hasiko dute han, 12:30ean. Durangaldeari dagokionez, arratsaldean hiru hitzordu nagusi daude iragarrita: Elorrion, Durangon eta Zornotzan manifestazio bana egingo dute. Mobilizaziook 18:00etan hasiko dira. Ordutegi eta eguneko hitzordu guztiak HEMEN kontsultatu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!