Greba orokorra: etxebizitza eskubidea

[ARGAZKI GALERIA]: Mugimendu Sozialistak "jardun espekulatiboen debekua" ipini du aldarrien erdigunean

Ekaitz Herrera

"Uste dugu gaur egungoak baino neurri erradikalagoak hartu behar direla etxebizitzaren arazoari aurre egiteko", azaldu du Gorka Pagonabarraga Mugimendu Sozialistako kideak. 

Kontseilu Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek hainbat mobilizazio egin dute greba egun honetan. "Ikasle Antolakunde Sozialistako kideek, adibidez, Durangoko Institutua zarratu dute, eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak bide-mozketak egiten ibili gara herririk herri. Durangon, herri barruan egin ditugu mozketok. Elorrion, Otxandion eta Abadiñon, aldiz, kanpoaldean. Horrez gainera, gosariak eta pikete informatiboak antolatu ditugu", azaldu du Gorka Pagonabarraga Mugimendu Sozialistako kideak. 

Greba orokorragaz eta antolaketa lanegaz "oso pozik" daudela aitortu du durangarrak, "prozesua bera oso interesgarria izan delako". Bere esanetan, "jende dezente batu da antolakuntzara", eta horrek mugimendu sozialistaren helburuetako bat betetzeko balio izan du, hau da, "langile klasearen antolakuntza indartuta irteteko". 

"Neurri erradikalagoak"

Mugimendu Sozialistako kideen arabera, etxebizitzaren auzia "langileak pobretzen dabil" eta "etxebizitzekin egiten den negozioa da" egoera horren erantzule. "Uste dugu gaur egungoak baino neurri erradikalagoak hartu behar direla horri aurre egiteko. Hori horrela, hiru aldarri nagusi egiten gabiltza: batetik, espekulatzaileak desjabetzea, hau da, etxebizitzarekin negozioa egiten dabiltzanak desjabetzea. Bestetik, jardun espekulatiboaren debekua, eta, azkenik, etxebizitza behar sozialen arabera planifikatzea. Gaur gaurkoz, langile klasearen antolakuntza mailagaz ezinezkoa da hiru aldarri horiek aurrera eramatea. Horregatik, borroka prozesuek langile klasearen antolakuntza indartzeko balio behar dute", iritzi dio durangarrak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!