Herriaren Eskubideak "11 solairuko dorreak ezkutatzeko asmoa" egotzi dio gobernu taldeari

E.H.

"Jatorrizko herri-kontsultan adierazitako borondateari bizkarra emanda, akordio bat inposatu gura digute, letra txikia ezkutatuz. Ondoren, herritarren babesa dutela argudiatu nahi izango dute", esan du talde independenteak

Herriaren Eskubideak Durangoko Udalaren inkesta kritikatu du, "alderdikoia" delakoan eta "11 solairuko dorreak eraikitzeko asmoa ezkutatzen" duelakoan. Talde independentearen arabera, inkestak ez die herritarrei behar bezala azaltzen "Durangok zer galtzen duen" aurreko gobernu taldeak 2021an egindako aurreakordioaren eta egungoak 2023an egindakoaren artean.

Independenteen arabera, udalerriak "120 dotazio-etxe" publiko izateko aukera galduko du, baita berdeguneko azalera "11.000 metro karratuan txikitzea "ere. Dorreei dagokienez, Durangoko Udalak ziurtatu zuen bazterrean geratu dela 2006ko proiektua, 18 solairura arteko bost dorre aurreikusten zituena. Alabaina, Herriaren Eskubidearen arabera, egungo planteamenduak 11 solairurainoko dorreak egitea aurreikusten du, eta eredu horrek "kontra" egingo lioke "herritarrek aurreko herri-galdeketan adierazitakoari". Azkenik, Pinondo Etxea eta San Agustin ospitale zaharra birgaitzeko inbertsioa, 10 milioi eurokoa, "bertan behera" geldituko litzatekeela esan dute. 

"Onartezina"

Herriaren Eskubidearen ustez, "onartezina da herritarrei funtsezko datu horiek jasotzen ez dituen inkesta aurkeztea". "Jatorrizko herri-kontsultan adierazitako borondateari bizkarra emanda, akordio bat inposatu gura digute, letra txikia ezkutatuz. Ondoren, herritarren babesa dutela argudiatu nahi izango dute, nahiz eta operazio horrek Durangori etxebizitza publikoak, berdeguneak eta zerbitzuak kentzen dizkion", esan dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!