Durangoko Udalak inkesta bat ipini du martxan, herritarrek tren geltoki zaharreko orubeari buruzko iritzia plazaratu dezaten. Galdeketa hori partehartu.durango.eus atarian ipini dute, eta hainbat multzotan antolatu dituzte galderak. Batetik, eremuaren gaur egungo egoerari buruzkoak ageri dira inkestan, hiri-integrazioari buruzkoak eta segurtasunari buruzkoak. Bestetik, eremu horretan eraikiko liratekeen etxebizitzei eta Gaitasun Handiko Osasun Zentroari buruzko galderak daude, baita berdeguneei buruzkoak, eraikinen altuerari buruzkoak eta kirol azpiegiturei buruzkoak ere. Jasotako erantzun guztiekin, Durangoko Udalak herritarren lehentasunak ezagutu gura ditu, ondoren, eremu horretarako urbanizazio proiektua zehazteko. Inkestan parte hartzeko epea azaroaren 16ra arte egongo da indarrean.
Erantzunok txosten batean batuko dituzte, eta horren ondoren, parte hartze tailer bat antolatuko dute. Azkenik, hirigintza alternatibak zehaztuko dituzte, eta Arau Subsidiarioak aldatuko dituzte Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratzeko.
Aurreikuspenak
Inkestan askotariko galderak eta gaiak plazaratzen diren arren, Durangoko Udalak gogorarazi du PERIaren norabide berriak oinarri batzuk izango dituela aldez aurretik zehaztuta, hau da, 2023an Eusko Jaurlaritzagaz sinatutako akordiorako oinarriaren araberakoak. Aurreikuspenen arabera, 420 etxebizitza eraikiko dituzte bertan, eta babespekoak izango dira euretatik 168. Gaitasun Handiko Osasun Zentro bat ipintzea ere aurreikusita dago, baita berdeguneak sortzea ere. Azkenik, 2006ko plangintza, 18 solairura arteko bost dorre aurreikusten zituena, bazterrean gelditu dela ziurtatu du udalak.