Durangoko Udalak eta ETS-k aurreakordioa sinatu dute trenbidearen lurrak berreskuratu eta berrurbanizatzeko

Anboto 2023ko abe. 21a, 18:06

Durangoko Udal Gobernu talde berriak eta Eusko Trenbide Sareak-ek aurreakordioa sinatu dute gaur, sei hilabeteko negoziaketen ostean. Prentsa oharraren arabera, “adostutako eraikigarritasunari eutsi zaio” eta “altuera handiko eraikinak baztertu” dira, “9/10 solairutara” mugatuz. Etxebizitza Babestuen Plan bat eta Ezkurditik Abadiñora arteko lurren lagatzea ere adostu dute. 

Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendariak positibotzat hartu du adostasunera iritsi izana: "Urte gehiegi irauten duen eta bi aldeen interesak bateratzea lortzen duen erakundeen arteko desadostasun-egoera bat askatzea da. Eta berri ona da eremu urbanistiko hau garatu ahal izango duten durangar guztientzat, berdeguneak, etxebizitzak eta ekipamendu sozial berria (kasu honetan, osasunarekin lotutakoa) elkartzen baititu", azaldu du. Mireia Elkoroiribe alkateak, bestalde, akordio berrian Bereizmen handiko osasun zentrorako ekipamendu-eraikina sartzea azpimarratu du. "Beti defendatu dugu ekipamendu-eraikina berreskuratzearen garrantzia, Udalaz gaindiko zerbitzu publikoak hartu ahal izateko bertan. Gainera, Osasun Sailak Durangon Bereizmen Handiko Osasun Zentro bat eraikitzeko beharra berretsi ondoren, uste dugu hori dela horretarako lekurik egokiena. Durangarrentzat hain garrantzitsua den proiektu honekin aurrera egin ahal izateko lehen urratsa da”, gehitu du. Bere berbetan, akordio berriagaz 20.000 metro koadroko parke baterako 3.601.75,08 aurreikusten dira. "Bereizmen Handiko Osasun Zentroa sartu denez, sortzen den parkea aurreko akordioan aurreikitakoa baino pixka bat txikiagoa da. Nolanahi ere, akordio horri esker 20.000 metro karratu inguruko parke handi bat izango dugu Durangoko erdigunean, hau da, Otamotzena parkearen azaleraren bikoitza edo Tabirakoa bezalako 3 futbol-zelai”. 

Jessica Ruiz alkateordearen arabera, BEPBaren eremuaren barruan 420 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da. ">Zehazki, 10 urtetan alokairuko babes sozialeko 246 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, honako eremu hauetan: babes sozialeko 23 etxebizitza Faustegoienan; 39 Birjinosten; 38 Larrasoloetan; 30 Iparzabalarran; 50 Arripausuetan; 18 Kabilduosten eta babes sozialeko 48 etxebizitza Mikeldin”.

 

“Durangorentzako estrategikoa”

Elkoroiribek, gainera, Durangorentzako urrats garrazitsua dela azpimarratu du, eta urtarriletik aurrera izapideak martxan jarriko dituztela. "Durangorako proiektu estrategikoa da, eta, horregatik, modu gardenean garatu behar da, eta herritarrek parte hartzeko prozesu bat bultzatu behar da, ahalik eta adostasun zabalena lortzeko. Gainera, aurrerapen guztien berri gardentasun osoz eman nahi diegu udal talde politikoei zein herritarrei. Hori dela eta, Trenbideko Barne Eraldaketarako Plan Bereziaren Mahaiak bilera bat egin du arratsaldean, eta bertan oposizioari (EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PP) lortutako akordioari buruzko informazio guztia eman diogu, baita hurrengo pausoetarako aurreikusitako plangintza ere”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!