Durangoko Udalak Correos postetxe zaharra botako du plaza handitu ahal izateko. Eraikina 1970ean altxatu zuten, baina udalaren esanetan, haren presentzia "desegokia" da hirigune historikoan, eta horrek plazako espazioa murriztea eragin du. Eraikina botata, "erabilera publikorako azalera" handituko dute, hain zuzen ere, eta plazaren eta udaletxearen arteko "lotura bisuala hobetu". Plaza berritzeko proiektua Gonzalez Cavia y Cabrera-Arquitectura, Urbanismo y Paisaje taldeak irabazi zuen. Orain, udalak bigarren lehiaketa publikoa antolatu du eraikina botatzeko eta obrak egiteko.
Udalak sanfaustoak baino lehen bota gura du eraikina, eta urtea amaitu baino lehen hasi gura dituzte plaza berriaren lanak. Kareharrizko zoladura ipintzea proposatu dute, "beix tonuan, espazioari batasuna emateko". Halaber, "udaletxea islatuko duen eta, ikusmen aldetik, espazioa handituko duen akabera jarriko zaio horma bitartekoari", ispilu itxurakoa azken hori. Gainera, harri beltzeko banku bat jarriko dute "atseden-eremu gisa", eta ginkgo bilobak landatuko dituzte gerizpeak sortzeko. Lanak 428.818 euroko aurrekontuagaz atera dituzte lehiaketa publikora.
Mireia Elkoroiribe alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: “Durangoko gunerik enblematikoenetako bat da, eta, urteen poderioz, txiki geratu da. Proiektu honek plaza handitzeaz gain, modernitatea, tradizioa eta memoria batzen dituen topaleku bat itzuliko die herritarrei".
"Dirua xahutzea"
Durangoko EH Bilduk eraikina botatzea kritikatu du, "diru publikoa xahutu" egingo delakoan. Koalizioak esan du eraikina birgaitzearen alde lerratu dela beti, eta gogorarazi du postetxe zaharrean kultur etxe bat atondu ahal izateko dirulaguntza lortu zuela Espainiako gobernuaren eskutik. Alabaina, "EAJk beste bide batetik jotzea erabaki zuen", subiranisten esanetan: "[Espainiako estatuko] dirulaguntza baztertu zuten; 1,5 milioi euro itzuli zituzten, 46.000 euro baino gehiago ordaindu interesetan, eta, orain, 597.097 euro gastatuko dituzte eraikina botatzeko", kritikatu du koalizioak.
Era berean, auzitan ipini dute plaza handitzearen onura: "Plaza 40 metro karratuan handitzea izango da onura bakarra. Gainera, azalera hori ere ez da benetan plaza izango, zati bat urmael batek hartuko baitu. Agian, munduko plazarik garestiena bihurtuko da, 125.000 euro metro karratuko", kritikatu du EH Bilduk.
Eraikina desagertzeagaz batera, eraikin publiko bat galduko dela eta "herriko erdigunean kultur etxe bat izateko aukera ere desagertuko" dela esan dute subiranistek. Durangoko gobernu taldearen erabakiak kritikatu dute: "Udal ondarea kudeatzeko modu bat islatzen du, birgaitzearen ordez eraistean oinarrituta". Koalizioak udal ondarea berreskuratzea eta horri erabilera ematera deitu du.