Zeresan handia sortu du azken asteotan Correoseko erakin zaharrak. Durangoko Gazte Asanbladako kideak eraikinean sartu ziren joan zen abenduaren 6an, ‘Badator Gaztetxea’ lemapean. Ordutik, bertan egon dira, zapatu goizaldean irtenarazi dituzten arte. Ertzaintzak Gaztetxerako sarrera galarazi zuen eta tentsioa sortu zen. Atzo, mobilizazioa egin zuten 'Gaztetxea aurrera, udala errudun' lelopean. Gaur udalak jakin eragin du Correoseko eraikin zaharra botako dutela 2025ean.
Alkateak auzokideei barkamena eskatu die atzo sortu zen "egoera oso desatseginagatik". Elkoroiribek arrazoitu duenez, "abenduaren 14an ate irekien deialdi publikoa egin zen. Horren aurrean zerbait egin behar genuen, segurtasuna bermatzeko. Eraikinera ez sartzeko neurriak hartu ziren, baina gazteak sartzen ahalegindu ziren, egoera oso desatsegina sortuz". Goizaldeko 01:30ean irten zirela azaldu du.
Durangoko Udalak abenduaren 10ean jakinarazi zuen Correoseko eraikin zaharraren okupazioa salatu zuela Ertzaintzan. Eraikina "berehala husteko" kautelazko neurriak eskatu zituen, "eraikina egoera larrian" dagoelako. Durangoko Gazte Asanbladak bere aldetik agerraldia egin zuen, udalaren jarrera salatzeko.
Elkoroiribek gaur berretsi du udalaren "erantzukizuna" dela "segurtasuna bermatzea". Nabarmendu du elkarrizketarako prest daudela. "Prest gaude elkarrizketarako eta euren jarduna garatzeko espazioak bilatzen jarraitzeko. Beti ere, espazio publiko bat erabiltzeko betebehar diren baldintzak betetzen badira.