Durangoko Udalak udal plaza berrirako proiektua aurkeztu du goiz honetan. Postetxe zaharra botako dute, eta behin eraikina botata, plaza handituko. Eremu berrituak beix koloreko kareharria izango du zoladuran, eta elementu identifikagarri bat udaletxearen pareko fatxadan, izan ere, goitik beherako ispilu-fatxada ipiniko dute Artekalearen eta Barrenkalearen arteko horma zatian. Obrako beste elementu aipagarrietako batzuk harri beltzezko eserlekua ipintzea eta ginkbo biloba zuhaitzak landatzea dira. Azken horiek, udari begira gerizpea emateko baliagarriak izateaz gainera, Durangoko bonbardaketaren memoriari lotura egiteko ere balioko dutela esan du udalak. Funtsean, plaza "irisgarriagoa" eta "erakargarriagoa" gura dute. Edozelan ere, udalak jakinarazi du aurkeztu dutena ez dela "proiektuaren behin-betiko bertsioa", proiektu irabazleak "exekuzio proiektua landu beharko du"-eta orain. Bertan zehaztuko dituzte, hain zuzen ere, diseinuaren azken xehetasunak.

Mireia Elkoroiribek esan duenez, udaletxeko plaza "Durangoko espazio sinbolikoenetakoa" da, baina "txiki geratu da" urteekin. "Proiektu honekin ez dugu soilik plaza handituko, baizik eta herritarrentzat topaleku berri bat berreskuratuko dugu: modernitatea, tradizioa eta memoria uztartuko dituen espazioa", adierazi du alkateak.
Udalak 2026an lizitatu eta exekutatu gura du obra, baita datorren urteko sanfaustoetarako plaza berria erabilgarri egotea gura dute. Obrak gauzatzeko aurrekontua 504.555 eurokoa izango da. Udalak 224.000 euroko dirulaguntza jasoko du Eusko Jaurlaritzatik.
"4 milioi euroko kostua"
Herriaren Eskubideak kritikatu du Correos botatzeak "4 milioi euro baino gehiago" balioko duela. Talde independenteak joan zen legealdiko proiektua gogoratu du, EH Bilduk 1,5 milioi euroko dirulaguntza lortu baitzuen Espainiako estatuaren eskutik, postetxe zaharrean kultur etxea atontzeko. Alabaina, EAJk eta PSE-EEk dirulaguntza hori "atzera bota" zutela eta eraikin berri bat atontzeko "2.500.000 euro baino gehiago" gastatuko dituztela kritikatu du: "Ia doan izan genezakeen kultur etxe bat, baina EAJk eta PSE-EEk 4 milioi euro baino gehiago gastatzea erabaki dute". Independenteen ustez, durangarren dirua "modu eraginkorrean" kudeatu behar da.