Paula Blasi, Magdeleine Vallieres… munduko ziklista onenak batuko ditu gaur Durangoko Klasikoak

Anboto 2026ko maiatzaren 19a

Isabella Holmgren, iazko irabazlea helmugara sartzen.

Lasterketa 15:00etan hasiko da Ezkurdin eta bertan izango du helmuga. 

Durango-Durango Emakumeen Laboral Kutxa Saria lasterketak munduko txirrindularirik onenetakoak batuko ditu aurten ere. Parte hartzaileen artean izango dira azken asteetan maila ikusgarria erakutsi duten hainbat ziklista, tartean Paula Blasi. Kataluniarra sasoi betean helduko da Durangora, azken asteetan Vuelta eta Amstel Golde Race probak irabazi ostean, eta garaipena eskuratzeko hautagai nagusietako bat da. Blasirekin batera, Durangon izango da baita Magdeleine Vallieres munduko txapelduna. 

Lasterketa gaur 15:00etan hasiko da, Ezkurdin. Aurtengo aldian 22 taldek parte hartuko dute eta euretariko batzuk World Tour mailakoak dira. Emakumeen mundu mailako UCI egutegiaren barruko lasterketa da.

Klasikoak 113 kilometroko ibilbidea izango du. Lehenengo zatian lau bider igaroko dira Miota gainetik. Azkeneko 30 kilometroetan erabakiko da lasterketa: lehenengo Areitio igo beharko dute Zaldibartik. Ondoren, Abadiñotik Garaira eta Goiuriara igoko dira. Amaitzeko, txirrindulariek San Juan Momoitioko aldats gogorrei aurre egingo diete. %17ra arteko maldak dituen igoera horretan apurtzen da normalean lasterketa, helmuga gertu dagoelako. Helmugaratzea 17:49-18:08 artean izango dela aurreikusten du lasterketako gida teknikoak. 

Proban Durangaldeko ordezkaritza ere egongo da: Laida Alzola, Eulen Amenabar taldearekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!