Durangoko udalbatzak aurrekontuak onartu ditu EAJren, PSE-EEren eta PPren aldeko botoekin. EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak kontra bozkatu dute. Udalak 45,5 milioi eurogaz kudeatuko du 2026a, iaz baino %5,7 aurrekontu handiagoagaz, eta "eraldaketa sakon eta iraunkor baterako oinarriak" ipini gura ditu aurrerantzean. Inbertsio nagusienen artean, honako proiektu hauek jaso dituzte, besteak beste: garai bateko Udal Euskaltegian —Saibi kaleko eraikinean— adinekoen zentro berria atondu ahal izateko prozesua hastea, Tabirako kirolgunea goitik behera berriztea, Antso Estegiz kaleko bigarren zatia berriztea, etxebizitza plana garatzea, bizikletentzako sarea handitzea eta aparkalekuak egitea, Arte eta Historia Museoaren 40. urteurreneko ekitaldiak antolatzea, indarkeria matxistaren biktimentzako aholkularitza zerbitzua ipintzea, eta dokumental bat sortzea migranteekiko aurreiritziak apurtzeko. Parte hartze bidezko aurrekontuei dagokienez, udalak 600.000 euroko diru atala gorde du. Funtsean, "pertsonak ardatz dituzten politika publikoak indartzeko" erabili gura dituzte proiektuok.
Kontrako botoak
Oposizioko alderdi nagusiek —EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak— zuzenketak aurkeztu dizkiote gobernu taldearen proposamenari. Subiranistek hamazortzi aurkeztu dituzte, etxebizitzaren auziari aurre egiteko asmoz gehienak. Eta talde independenteak hamaika; tartean, psikobonuak adin tarte guztietara zabaltzea eta umeen garapenerako tratamenduak finantzatzea eskatzeko. Hala ere, gobernu taldeko kideek atzera bota zituzten bataren eta bestearen proposamenak. Hori horrela, EH Bilduko Iker Urkizak EAJren jarrera kritikatu zuen, aurrekontuak PPgaz "adostu" dituela leporatuta. Koalizio subiranistak etxebizitza bulegoa sortzea, etxebizitza hutsak berrizteko diru laguntzak sortzea, San Agustingo ospitale zaharrean etxebizitza dotazionalak egitea eta udalaren jabetzako etxebizitza parkea handitzea gura zuen, baina proposamenek ez zuten argirik ikusi. Herriaren Eskubideko Jorge Varelak aurrekontuak "etsigarriak eta zoritxarrekoak" zirela adierazi zuen, "murrizketak" dakartzala politika sozialean, eta otsailean onartu direla-eta "berandu" datozela.
PPko Carlos Garcia pozik azaldu zen aurrekontuekin, bere proposamenetariko batzuek isla ikusi dutelako bertan. Besteak beste, udal autobusa ipintzeko ideiak. "Faseka" garatu gura du proiektu hori eta udan eman gura du lehenengo pausoa, Tabirako igerilekuetarako joan-etorria egiteko autobusagaz.